Venezuela

Guaidok manifestaziora deitu du larunbaterako, EBren epemugarekin bat eginez

"Venezuelan eta mundu osoan mobilizazio handi bat" egin nahi dutela adierazi du oposizioko buruak. Gobernuak elkarrizketarako deia egin dio oposizioari.

Maduro presidentea, atzo, ariketa militarrak jarraitzen. MIRAFLORES.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urtarrilaren 28a
12:22
Entzun

"Larunbatean Venezuelako eta mundu osoko kaleetan izango gara, Europako Batasunak Venezuelako herriari emandako babesari bide emateko". Halaxe iragarri du Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruak. Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Espainiako gobernuek mehatxu egin zioten Nicolas Maduro presidenteari, hauteskundeak antolatu ezean, Guaido aitortuko zutela presidentetzat. Igandera arteko epemuga jarri zioten horretarako Venezuelako Gobernuari, eta ultimatuma baliatuta, kaleak hartzera deitu du Guaidok. Asteazkenean egingo dute manifestazio bat, baina larunbaterako deitu dute "mobilizazio handi bat".

Bi mezu zabalduko dituztela adierazi du Guaidok: armadari begirakoa bata —gobernua eskuratuz gero Amnistia Legea ezarriko duela hitzeman die militarrei, Maduroren aurka altxatzeko eskatuz—, eta "sendagaiak eta elikagaiak sartzen uzteko" eskaera, bigarrena. Armadak leialtasuna berretsi zion Madurori estatu kolpea izan eta hurrengo egunetan. Gobernuak elkarrizketarako deia berretsi du.

Atzo, "harrokeriaz" jokatzea egotzi zion Venezuelako presidenteak EBri, eta iragarri zuen ez duela beteko hark bozetara deitzeko jarritako zortzi eguneko epemuga. "Inork ezin digu ultimatumik eman. Norbaitek Venezuelatik joan nahi badu, joan dadila". 

Federica Mogherini Europako Batasuneko diplomaziaburuak "datozen egunetan hauteskunde libre, justu eta sinesgarriak" deitzeko eskatu dio Venezuelako Gobernuari. Ez du zehaztu zenbat eguneko epeaz ari zen, baina Madurok halakorik egin ezean, "EB gisa, neurri gehiago" hartuko dituztela ohartarazi du Mogherinik: "Baita herrialdeko buruzagitzari buruzko auzian ere".

Marco Rubio: "Onean ala txarrean"

EB bezala, AEBak ere Maduroren gobernua estutzeko ahaleginean ari dira. Marco Rubio senatariak "onean ala txarrean" gobernua uzteko exijitu dio presidenteari: "Berak erabaki behar du nola utziko duen boterea, onean ala txarrean". Esku hartze militarrra ere ez du baztertu Rubiok: "AEBek beti dute aukera amerikarrak eta gure interesak babesteko, eskura dugun guztia erabiliz, indar militarrak ere bai beharrezko bada".

Atzo, Madurok berak iragarri zuen AEBetako administrazioak atera dituela Caracasen zituen diplomazialariak. Estatuburuak 72 orduko epea jarri zion Washingtoni herrialdean zituen diplomazialari guztiak ateratzeko, eta hark hasieran entzungor egin zien arren, gerora Venezuelatik ateratzeko aholkatu zien bertan dauden estatubatuarrei. Orain, Carlos Alfredo Vecchio izendatu du Guaidok Washingtonen, AEBekiko harremanetarako arduradun gisa, eta huraxe aitortu du Trumpen gobernuak.

Gobernuak, berriz, elkarrizketarako deiari eutsi dio. Jorge Arreaza Kanpo Arazoetarako ministroak berretsi du negoziatzeko prest daudela: "Abenduan akordio bat lortzekotan egon ginen, Asanblea Nazionala berriz martxan jartzea proposatzen zuten, sektore guztien adostasunez. Azkenean, [AEBen] estatu idazkaritzarekin eta eskun muturrarekin kontsultatu ondoren, atzera egin zuten. Baina komunikazioa beti egon da, eta badago".

Frantzisko aita santuak ere hitz egin du Venezuelako egoeraren inguruan. Panaman izan da bisitan Eliza katolikoaren burua, eta "egoera larria" dela esan du. "Konponbide justu eta baketsu bat bilatu eta lortzeko" deia egin du, "giza eskubideak errespetatuz eta herrialdeko biztanle guztientzako onena desiratuz".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.