Trafikoa

Sartu da indarrean orduko 90 kilometroko abiadura muga Hegoaldeko ohiko errepideetan

Espainiako Gobernuak hartu zuen erabakia duela hilabete, istripuak gutxitzeko asmoz.

Orduko 90 kilometroko muga adierazteko seinale bat. SEBASTIEN NOGIER / EFE
2019ko urtarrilaren 28a
14:12
Entzun

Bi norabideak fisikoki bereizi gabe dituzten ohiko bideetan, orduko 90 kilometrokoa izango da abiadura muga aurrerantzean. Orduko 100 kilometroko muga zegoen lehenago bigarren mailako errepideetan, baina istripuak murrizteko asmoz, abiadura muga gutxitzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, abenduko azken ministroen kontseiluan. Hilabeteko epea eman zuten seinaileak moldatzeko, eta urtarrilaren 29tik aurrera, indarrean egongo da neurri berria Hego Euskal Herriko errepideetan.

Espainiako arauek orduko 100 kilometroko muga zuten ohiko bideetan, baldin eta bide bazterrak metro eta erdi bazuen; bazterra txikiagoa bazen, orduko 90 kilometrokoa zen muga. Aldaketarekin, denen muga izango da 90 kilometrokoa. Murrizketak eragingo die kamioiei ere: orain arte gehienezko muga orduko 90 kilometrokoa zuten, eta aurrerantzean, 80koa. Salbuespena egingo dute autobusekin, orain arte bezala segituko baitute 90eko mugarekin; "oso istripu gutxi" dituztelako erabaki dute muga hori ez jaistea.

Abiadura muga jaisteko asmoa gobernura iritsi orduko erakutsi zuten sozialistek. Puntukako gidabaimena ezarri ondorengo urteetan nabarmen gutxitu zen hildakoen kopurua, baina azken urteetan gorantz hasi da berriro, eta neurri gehiago hartzeko asmoa du Madrilek. PPren asmoa zen aldaketa handi bat egitea zirkulazio arauetan; PSOEk, berriz, erabaki du unean uneko moldaketak egitea, aldaketa handi bat egin ordez.

Gogoan izatekoa da neurri bat baino gehiago jarri dituela mahai gainean DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak; besteak beste, iragarria du puntukako gidabaimenean moldaketak egingo dituela, eta sakelako telefonoa erabiltzeagatik zigor handiagoa izango dela: sei puntu kenduko dituzte, orain baino hiru gehiago. Drogen eraginpean gidatzearen edo alkohol probari uko egitearen parekoa izango da telefonoa erabiliz joatea. Whatsapp eta horrelako aplikazioen erabilerarekin daude bereziki kezkatuta: gidariek arreta galtzen dute, ez dute etengabe errepidera begiratzen, eta ezbeharrak izaten dituzte horregatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.