Euskal presoak

Oier Gomezen heriotza salatzeko mobilizazioak egingo ditu Sarek, larunbatean

Gasteizen eta Galdakaon manifestazioak egingo dituzte, eta Donostian elkarretaratzea. Gaitz larriak dituzten presoak aske uzteko eskatuko dute.

Oier Gomezen aldeko manifestazioa, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO, FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urtarrilaren 29a
13:56
Entzun

Mobilizazio batzuk izan dira dagoeneko Oier Gomez Mielgo euskal presoaren heriotza salatzeko, eta larunbaterako egin du deia Sarek. Manifestazio bat egingo dute Gasteizen, eta beste bat Galdakaon (Bizkaia), Larriki gaixo dauden euskal presoak etxera. Oier azkena izan dadila lelopean. 13:00ean bilduko dira Galdakaon, udaletxe aurrean. Gasteizko martxa, berriz, Iparralde gizarte etxetik abiatuko da, 17:00etan. Donostian, azkenik, elkarretaratzea egingo dute Alderdi Ederren, 12:00etan.

Larunbat goizaldean zendu zen, Baionako ospitalean, Oier Gomez Mielgo euskal preso ohia –35 urte zituen, eta gasteiztarra zen—, gaixotasun luze baten ondorioz. Apirilaren 25ean, Frantziako Dei Auzitegiak ontzat jo zuen hamabost urteko espetxe zigorra etetea, argudiatuta Gomezek gaitz larria eta sendaezina zuela. Espainiak, dena den, eutsi egin zien Gomezen aurkako euroaginduei, eta Gomez Lapurdin bizi zen zigorra eten ziotenetik.

Azken agurra, bihar

Gomezen senide eta lagunek jakinarazi dutenez, Baionako ehorztetxean hartuko dituzte bisitak —Baltet karrika, 19—, gaur, 14:00etatik 19:00ak bitartean. Asteazkenean egingo diote azken agurra, 11:30ean, Miarritzeko aireportu aurrean.

Sarek, Etxerat-ek, Sortuk eta Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi diote sendiari. Denek esan dute garaia dela gaixo dauden presoak askatzeko, eta ez litzatekeela itxaron behar gaitza sendaezina izan arte.

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak ere atzo jakinarazi zuen manifestazio bat antolatu dutela larunbaterako, Gasteizen bertan. Preso gaixoak askatu! Amnistia osoa! lelopean, Bilbo plazatik irtengo da martxa, 18:30ean. "Oierrek Euskal Herrian eman du azken arnasa, baina ezin izan da jaioterrira itzuli", oroitarazi du AEMk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.