Pablo Ibar

Epaileak galdekatu egingo du 'Ibar auziko' epaimahaikide bat

Interneteko iruzkin batzuetan, auziaz erabakitzean presioak jasan zituela idatzi zuen norbaitek; Dennis Bailey epaileak jakin nahi du epaimahaikide batek idatzi ote zituen.

Dennis Bailey epailea. GIORGIO VIERA/EFE
2019ko urtarrilaren 29a
13:07
Entzun

Beste auzi saio batera deitu du biharko Pablo Ibarren auziko epaileak: Collins ezizenez identifikatutako epaimahaikidea galdekatu nahi du. Zinpeko kide hori izan zen "damututa" agertu zena epaimahaiak Ibar erruduntzat jo ondoren —aho batez hartu zuten erabakia hamabi epaimahaikideek, urtarrilaren 19an—. Dennis Bailey epaileak argitu nahi du hark idatzi ote zituen iruzkin batzuk Interneten, auziaz erabakitzeko presioak jasan zituela esanez.

Defentsa ere saiatu zen kide hori galdekatzen, baina ez zuen lortu; gainera, salatu dute fiskalak ez duela auziaren mamia berriz aztertu nahi. Izan ere, epaileak ez dio galderarik egingo epaimahaikideak agertutako "damuaz"; bakarrik jakin nahi du berak idatzi ote zituen iruzkin horiek interneten. Defentsako abokatuak beldur dira, beraz, kide hori epaimahaitik kanporatu eta azken sententzia ontzat joko ote duten.

Ordezko epaimahaikide batek ere auzian zehar kanpoko informazioa jaso zuela aitortu zuen, eta beste kide bat Pablo Ibar erruduntza jo izanaz damutu ostean, epaiketa berriz egin edo epaimahaia berriz biltzeko eskatu zion defentsak epaileari. Hark, baina, ordezko epaimahaikidea elkarrizketatu eta kargutik kendu zuen arren, baztertu egin zuen epaiketa berriz egitea.

Aho batez jo zuten erruduntzat Pablo Ibar, eta bi aukera ditu epaileak: bizi osorako zigorra ezartzea, ala heriotza zigorra. Otsailaren 25ean da erabaki hori hartzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.