Enplegua

Euskal Herrian 141.800 langabe daude, aktiboen %9,44

Langabe kopurua 8.400 lagun murriztu da azken urtean.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego bat, Iruñean.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko bulego bat, Iruñean. Iñigo Uriz / Foku

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 29

Urteko azken hiruhilekoa ez da ona izan enpleguarentzat. INEk Hego Euskal Herriari buruz emandako datuei Gaindegiak Ipar Euskal Herrirako kalkulatutakoei batuz gero, 2018ko hirugarren hiruhilekoan baino 5.500 gehiago zeuden lanik gabe urtearen amaieran: 136.300tik 141.800ra igo da kopurua. Igoera Bizkaiari zor zaio batik bat (+4.200), baina igo egin da Nafarroan (+1.300) eta Ipar Euskal Herrian ere (+900). Behera egin du, berriz, Araban (-900) eta Gipuzkoan (-600).

2017ko azken hiruhilekoarekin konparatuz gero, berriz, Nafarroa da langabe kopurua handitu duen bakarra (+1.700). Bizkaian jaitsi da gehien (-4.300), baina jaitsiera nabarmenak izan dira Gipuzkoan (-2.900) eta Araban ere (-2.500), eta apalagoa, berriz, Ipar Euskal Herrian (-900).

Edonola ere, Ipar Euskal Herria litzateke 2018 amaieran langabezia tasarik txikiena lukeen eremua (%7,39), Arabarekin batera (%7,39). Gertu legoke Gipuzkoa ere (%7,56). %10eko langatik ozta-ozta jaitsi da Nafarroa (%9,99), baina hortik gora jarraitzen du Bizkaiak (%11,47).

Europako Batasunarekin alderatuta, 2018ak ez du hobekuntza handirik ekarri. 2017ko azken hiruhilekoan 2,8 punturen aldea zegoen Euskal Herriko langabezia tasaren (%10,1) eta EBkoaren artean (%7,3). Urtebeteren ondoren, 2,7ra soilik jaitsi da: 9,4 eta 6,7, hurrenez hurren.

Okupatuak, gora

Datu positiboak badaude INEren inkestan. Haren arabera, urtebetean landunen kopurua 19.300 lagun handitu da Hego Euskal Herrian, eta jada 1.215.400 okupatu daude. Azken hiruhilekoan ere handitu da okupatuen kopurua (+10.100).

Gainera, okupatu berri guztiak emakumeak dira (+19.300), lana duten gizonezkoen kopurua ez baita aldatu.

INEren datuek arrazoi ematen diote prekaritatearen handitzea salatzen dutenei. Izan ere, behin-behineko kontratua duten soldatapekoak duela urtebete baino 10.100 gehiago dira, eta kontratu mugagabeak dituztenak, berriz, 7.000 gehiago. Ondorioz, aldi baterako kontratua dutenen portzentajea %25,4tik 26ra igo da 2017tik 2018ra. 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna