Ekonometroa

Apalago bada ere, ekonomiaren bilakaerari buruzko konfiantzari eusten diote ekonomistek

Lanaren eta enpresaren munduan euskara politika publikoekin lagundu behar dela uste dute Ekonomisten Euskal Elkargoko kideek.

Mercedes Vallejo eta Joseba Barandiaran, iazko urtarrileko Ekonometroaren aurkezpenean.
Mercedes Vallejo eta Joseba Barandiaran, iazko urtarrileko Ekonometroaren aurkezpenean. Marisol Ramirez / Foku

Irune Lasa -

2019ko urtarrilak 29

Sei hilean behin euskal ekonomistei pultsua hartzeko ariketa egiten du Ekonomisten Euskal Elkargoak inkesta baten bidez, eta gaur aurkeztutako bederatzigarren Ekonometroak ekonomiaren etorkizunari begirako orain arteko konfiantza indizerik apalena (8,6 puntu) neurtu du.

Ikuspegi positiboa da, oraindik ere (zero azpikoak lirateke ikuspegi negatiboak), EHUko Mercedes Vallejok azaldu duenez. Oro har, ekonomistek uste dute ekonomiak bilakaera positiboa izango duela datozen sei hilabeteetan, baina, elkargoko Joseba Barandiaranek gaineratu duenez, "ikuspegi pesimisten kopurua handitu egin da". Egoerak okerrera egin duenak %4,5 izatetik %21 izatera pasa dira. Ziurrenez, bi ekonomisten arabera, konfiantza indize apalago hori aurreratzen ari da adierazle ekonomikoek iragartzen duten hazkunde motelagoa.

Konfiantza indize hori osatzeko erabiltzen diren lau aldagaietatik hiru dira joan den ekainekoak baino apalagoak: jaitsiera izan da ekonomistek euren egoera pertsonalaz duten iritzian; baita euskal ekonomiak izan dezakeen bilakaerari buruzko ustean ere. Era berean, nahiz eta pentsatu langabeziak behera egiten jarraituko duela, uste dute murrizketa erritmo motelagoan gertatuko dela. Laugarren aldagaian, aurrezpenaren bilakaeraren inguruan ez da aldaketa nabarmenik antzeman ekonomisten iritzian.

Galdera bereziak

Azken Ekonometroak beste lau gai bereziri buruz ere galdetu die ekonomistei. Horiek horrela, aitatasun baimenen onura soziala azpimarratu dute ekonomistek, baina, hala ere, ez dute uste kontratuen parekotasunean eta produktibitatean eragin nabarmenik izango duenik.

Administrazio publikoek enpresa pribatuetan parte hartzeari, berriz, baldintzapeko babesa eman diote ekonomistek. %44 ados daude enpresak estrategikoak diren kasuan, eta ia %30ek unean uneko kasuei ere oniritzia emango lieke. Hala ere, %21ek ezezko biribila eman diote, edozein dela kasua ere, halako parte hartze bati.

Ekonomistei kirol eta kultur arloko ekitaldi handien ereduaz ere galdetu die Ekonometroak, eta %60 inguru halakoen aldeko agertu dira. Herrialdeka, Bizkaiko ekonomisten artean jaso dute ekitaldi erraldoiek babesik handiena.

Lan eta enpresa munduan euskara politika publikoekin lagundu behar dela uste dute ekonomista gehienek, nahiz eta herrialdeka alde handiak izan babes horretan. Edonola ere, ekonomisten %55etik gora dira uste dutenak merkatua ez dela nahikoa hizkuntzaren nondik norakoak erregulatzeko. %44ren ustez, euskararen sustapenak enpresaren erantzukizun sozialaren parte izan behar du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna