Etxeko langileak

Etxeko langile egoiliarren %12k ez dute behar besteko atsedenik hartzen

Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteak jasotako testigantzen arabera, legeak baimentzen duen 36 orduko atseden jarraiturako eskubiderik ez dute etxeko langile egoiliarren %70ek.

Bizkaiko Etxeko Langileen elkartearen kontzentrazio bat. /
Bizkaiko Etxeko Langileen elkartearen kontzentrazio bat. / Marisol Ramirez/Foku

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko urtarrilak 29

Etxeko langileen lan baldintzen gordintasuna agerian geratu da beste urtebetez Bizkaiko Etxeko Langileen elkarteak emandako datuetan. Elkarteak eskaintzen duen aholkularitza zerbitzuan 2018an zehar hartutako 523 langileren 592 kasuen arabera, etxeko langile egoiliarren %12k zortzi ordutik beherako atsedena hartzen dute gauetan. Eta legeak dioena eskuan hartuta, Isabel Otxoa elkarteko bozeramailearen azaldu du langile bakoitzak hamabi orduko atsedenaldia izateko eskubidea duela. “Hamar izatera ere irits daiteke, betiere bi ordu horiek beste momenturen batean atseden hartzeko hitzartzen baldin badira”. Baina langile kopuru batek ez du behar besteko atsedenik hartzen, eta horrek ostera langileen osasunean eragina duela salatu du.

Hain zuzen, Osakidetza eta Osalani eskaera egin diote elkarteko kideek laneko osasunean etxeko langileak ere aintzat har ditzaten. “Orain arte ez da halakorik gertatzen; esaterako, mediku agirian jarriagatik ere besoko mina izanda pisu handia duen pertsona bat mugitzen lan egiten duela, ez diete laneko jatorririk onartzen”. Horregatik, Osakidetzari eskaera zuzena egin diote halako kasuak laneko gaixotasun gisa onartzeko.

Etxeko langileen jatorriari begiratuta, etxean bertan lo egiten duten beharginen laurden batek ez dauka nazionalitaterik, eta horiek guztiek ez dute Gizarte Segurantzan kotizatzen. Behargin mota horien %24 dira horiek. Gainerako guztiek, ordea, altan emanda daude. Baina baldintzak gogorrak direla nabarmendu du Otxoak. Astero behargin horiek izan beharko luketen atseden jarraituari begiratuz gero, legeak aste barrurako ezartzen duen 36 orduko atseden jarraitua hartzeko eskubidea ez zaielako bermatzen langileen %70ri.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna