Venezuela

Pepe Mujika: "Europa eskuak garbitzen ari da: inbertsio bat izango ote da gerra?"

Venezuelako egoera ikusita, "Kariben gerra hotsak ozen" aditzen direla ohartarazi du Uruguaiko presidente ohiak. Errusiak legez kanpokotzat jo ditu Trumpen gobernuak PDVSAri jarritako zigorrak.

Pepe Mujika iaz, Brasilen, Lula da Silvari bisita egin ondoren. ISABELLA LANAVE / EFE.
2019ko urtarrilaren 29a
16:20
Entzun

Pepe Mujika Uruguaiko presidente ohiak uste du "sektore guztiak bilduko lituzkeen batzorde moduko baten" eskutik soilik etor daitekeela Venezuelan elkarrizketa bidezko konponbidea, baina NBEk "sendo gidatu eta bermatu" beharko lukeela hori. Halakorik ez duela espero aitortu du, ordea; batez ere, "Europa ez delako esku hartzen ari" Karibeko eskualdean. "Lotsagarriki, Europa eskuak garbitzen ari dela dirudi", esan du Mujikak M24 irratian: "Galdera nagusia da: kasu honetan, inbertsio bat izango ote da gerra?".

Kezkatuta agertu da presidente eta gerrillari ohia, Venezuelako egoeraren ondorioz "Kariben gerra hotsak ozen" aditzen direla iritzita. Mujikaren esanetan, jarrera "infantila" da "gobernu baten edo bestearen zilegitasunaz" eztabaidatzea. "Larriena da gerra ireki baten aukera [...] Bere burua presidentetzat jo duen Juan Guaido, edo oso gaztea da, edo ziurtzat du AEBetako armada daukala atzean".

Gerra baterako aukera aipatzeko, Uruguaiko presidente ohiak oroitarazi du "aukera guztiak" mahai gainean jarri zituela Donald Trump AEBetako presidenteak. "Honek guztiak ustezko kausa sakrosantu bat dauka atzean: demokrazia. Hala egin izan da beti inbasioen atarian", esan du Mujikak, Libiako kasua gogora ekarriz: "Egia gordina da, egia gorria, AEBetako kontserbadoreenek ezin dutela onartu Txinak eta Errusiak Venezuelako petrolioaren patua kontrolatzea".

PDVSAren aurkako zigorrak

Azken egunetan, Nicolas Maduro presidentea estutasunean jartzeko estrategian bat egin dute hainbat estatuk eta oposizioak. Juan Guaidok uko egin dio presidentearen elkarrizketa deiari, eta "mobilizazio handi batera" deitu du larunbaterako. "Datozen egunetan" boz "libre" batzuk egiteko eskatu dio EBk Madurori. Gaur, "legez kanpokotzat" jo ditu Errusiak AEBek estatuaren PDVSA petrolio enpresari jarritako zigorrak. Venezuelaren barne auzietan esku hartzea egotzi dio Dimitri Peskov bozeramaileak Trumpen gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.