Ukraina

Ukrainak EBn sartzea eskatuko du 2024an, Poroxenkok iragarri duenez

Europako Batasuneko kide bihurtzearekin batera NATOn ere sartzea espero du. Martxoko hauteskundeetan presidentegai izango dela jakinarazi du.

Petro Poroshenko Ukrainako presidentea, gaur, Kieven, presidentegai izango dela iragarri ondoren jarraitzaileak agurtzen. SERGEY DOLZHENKO, EFE
2019ko urtarrilaren 29a
18:39
Entzun

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak iragarri du Ukrainak EB Europako Batasuneko kide izateko eskari formala aurkeztuko duela 2024. urtean. Adierazi du espero duela herrialdea NATOko kide ere bihurtzea EBn sartu ondoren. "2024an, EBn sartzeko eskaria aurkeztuko dugu. Eta ez dadila inolako zalantzarik egon NATOn sarrera izateko ekintza plana betetzen hasiko garela".

Poroxenkok ziurtatu du era horretan ziurtatu dezakeela soilik Ukrainak bere independentzia eta nazio segurtasuna. Hala ere, gaineratu du, herrialdea EBko eta NATOko kide bihurtzea ez dela soilik Ukrainaren interesekoa. "EBk eta Atlantikoko Aliantzak ere behar dute". Haren esanetan, "Mendebaldeko geroz eta politikari gehiagok ulertzen dute Ukraina EBko eta NATOko kide ez bada Europa arriskuan egongo dela. Ukrainako presidenteak ziurtatu du Errusiak "beti" izango dituela "desira inperialistak" eta "Europa menperatzen" saiatuko dela.

Horrez gain, Poroxenkok jakinarazi du presidente kargua berritzen saiatuko dela martxoaren 31n egingo diren hauteskundeetan. Inkesten arabera, Yulia Timoxenko ministro ohia izango da haren aurkari nagusia. Timoxenkok ere Ukraina NATOn "berehala" sartzea defendatzen du, herrialdearen ekialdeko "operazio militarra ez betikotzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.