Epaiketaren hirugarren eguna: horrela kontatu du BERRIAk

 
EFE

Berria -

2019ko otsailak 14

* Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohiak eta Joaquim Forn Barne Kontseilariak deklaratu dute gaurko saioan.

* Asteartean hasi zen Kataluniako prozesu independentistaren buruzagien kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean. BERRIA jarraipen berezia ari zaio egiten auziari.

* Junqueras: "Bozkatzea ez da delitua; indarrez hori eragoztea, bai".

* Forn: "Independentzia deklarazioa ez zen bozkatu, irakurri egin zen soilik".

* Eskubide politikoen urratzea eta auziko epaileen inpartzialtasun falta salatu zituzten atzo abokatuek lehen saioan.

* Atzo, prozeduraren izaera politikoa ukatu zuten akusazioek

* Nor den nor Kataluniako epaiketan.

* Epaiketari buruzko artikuluen bilduma.

Deklarazioen ordena

Akusatuen txanda izan da gaur. Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde izan da lehena zerrendan, eta Fornek deklaratu du haren atzetik.

Asteartean, 10:00etatik aurrera jarraituko du Espainiako Auzitegi Gorenak akusatuen deklarazioekin. Hurrengo txanda Jordi Turull Presidentetza kontseilari ohiarena izango da, eta haren atzetik deklaratuko dute Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilari ohiak, Josep Rull Lurralde kontseilari ohiak eta Dolors Bassa Lan kontseilari ohiak. Preso dituzte horiek denak.

Kalean dauden kontseiarien txanda izango da ondoren: Meritxell Borras Gobernazio kontseilari ohiarena aurrena, Carles Mundo Justiziakoarena, ondoren, eta Santi Vila Enpresa kontseilari ohiarena azkenik. Deklaratzeko txandan, azkenengoak dira buruzagi sozialak eta parlamentuko presidentea zena: Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Jordi Cuixart Omniumekoa, eta Carme Forcadell, Kataluniako parlamentuko presidente ohia.

 

Zuzeneko kontakizuna

19:07
2019-02-14

Epaiketak asteartean jarraituko du

Epaiketak datorren asteartean jarraituko du 10:00etatik aurrera. Akusatuen deklarazioekin segiko dute. Junquerasen eta Fornen txandaren ondoren, Jordi Turull Kataluniako Presidentetza kontseilari ohiak izango du deklaratzeko aukera. Bere atzetik izango dute txanda Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilari ohiak, Josep Rull Lurralde kontseilari ohiak eta Dolors Bassa Lan kontseilari ohiak. Preso dituzte horiek denak.

Kalean dauden kontseiarien txanda izango da ondoren: Meritxell Borras Gobernazio kontseilari ohiarena aurrena, Carles Mundo Justiziakoarena, ondoren, eta Santi Vila Enpresa kontseilari ohiarena azkenik. Deklaratzeko txandan, azkenengoak dira buruzagi sozialak eta parlamentuko presidentea zena: Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Jordi Cuixart Omniumekoa, eta Carme Forcadell, Kataluniako parlamentuko presidente ohia.

18:20
2019-02-14

"Bozkatzea ez da delitua"

Epaiketaren hirugarren saioan, hasi dira akusatuak deklaratzen. Oriol Junqueras izan da aurrenekoa, eta epailearen aurrean defendatu du bai autodeterminazio eskubidea eta baita Generalitateak eginiko prozesua ere. Azaldu du bozkatzea ez dela "delitu", eta preso politiko gisa aurkeztu du bere burua.

Joaquim Fornek, berriz, mossoek urriaren 1eko erreferendumean eginiko lana defendatu du. Azaldu du egun horretakoa dela Kataluniako Poliziak inoiz egin duen dispositibo handiena, eta hitzeman du Mossoek ez zutela inoiz buruzagi politikoen agindurik jaso. Bi politikariek nabarmendu dute Generalitateak 2017ko urrian eginiko urrats guztien helburua izan zela elkarrizketak abiatzea Espainiako Gobernuarekin.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:15
2019-02-14

Amaitu du Fornek, eta gaurko saioa bukatu da horrela. Datorren asteartean jarraituko du epaiketak, 10:00etatik aurrera. Jordi Turull izango da deklaratzen hurrengoa.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:09
2019-02-14

2.239 hauteslekuetatik 106 itxi zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak. 297 ez ziren zabaldu, Mossoek bezperetan galarazi zutelako. Egunean bertan, 99 itxi zituzten mossoek. 396, beraz, ez ziren zabaldu Mossoen esku hartzearen eraginez.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

18:07
2019-02-14

Fornek telefonoz hots egin zion Enric Millo Espainiako Gobernuko ordezkariari U-1ean. Eztabaida izan zuten gertatutakoaren inguruan, eta Fornek eskatu zion Poliziaren operatiboa eteteko. Millok erantzun zuen zeozer egingo zuela, eta handik tarte batera Millok idatzi zion esanez egin beharrekoa egin zuela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:54
2019-02-14

Forn: "Ezein momentutan ez zuen Generalitateak Guardia Zibilaren eta Poliziaren asmoen berri izan".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:51
2019-02-14

U-1eko erreferendumerako, epailearen agindua izan zen 40.000 polizia inguru mobilizatzea. Mossoen lantaldea kontuan hartuta, zifra hori betetzea "ezinezkoa" iruditzen zaio Forni.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:20
2019-02-14

Urriaren 27ko osoko bilkuraz orain, independentzia deklarazioaz. Bozkatu ziren ebazpenak ez daude jasota parlamentuko aldizkarian, eta ez zen neurririk hartu: ez zen ekintza administratiborik egin norabide horretan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:13
2019-02-14

Fornek jakinarazi du bere departamentuko langileekin bilera bat egin zuela urriaren 26an, egoeraren berri emateko. Bi aukera aurkeztu zizkien: hauteskundeak "eta, beraz, datorren astean ikusiko gara", edo independentzia deklarazioa eta 155a, "eta beraz kargugabetuko gaituzte".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:10
2019-02-14

Melero abokatua urriaren 1etik 10erako egunei buruz galdetzen ari zaio Forni. 10ean, Carles Puigdemont gobernuburuak independentzia deklarazioa egin eta berehala suspentsioan utzi zuen. Gogorarazi du egun horretan ez zela bozketarik egon eta inork ez zuela eskatu ere. Ezein diputatuk ez zuen eskatu ere deskonexio legeen arabera jokatzea, Fornen arabera.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

17:05
2019-02-14

2017ko abuztuaren 17an Bartzelonan eta Cambrilsen gertatutako atentatuak hizpide. Fornek Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidori galdetu zion segurtasun maila lautik bostera igotzeko asmoa ote zuten —bosgarrenean, armadak har lezake ordena publikoaren ardura—, baina Zoidok erantzun zion Espainiako presidenteorde Soraya Saenz de Santamariarekin hitz egin zuela eta ez zeukatela horretarako asmorik.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:59
2019-02-14

Amaitu du fiskalak, defentsako abokatuak galdekatuko du orain Forn.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:57
2019-02-14

U-1eko errolda unibertsalaz galdezka. Fornek dio helburua zela edonork edozein hauteslekutan botoa eman ahal izatea, botoa ematea errazteko. Fornek U-1ean bertan jakin zuen errolda hori egongo zela. Sistema informatiko horren kontra ezer egin ote zuten galdetu dio Seoanek: "Ez ditut xehetasunak ezagutzen". Estatuko abokatuak, berriro: "Ez dituzu ezagutzen edo ez zen ezer egin?". Fornek berriro: "Ez ditut xehetasunak ezagutzen".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:52
2019-02-14

Estatuko abokatua: "Zein zen U-1ean Mossoen operatiboaren helburua: U-1aren normaltasuna mantentzea edo hura galaraztea?".

Forn: "Irizpideak argiak ziren: aukera, kongruentzia eta proportzionaltasun printzipioak".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:42
2019-02-14

Irailaren 20ko mobilizazioez galdetzeko, estatuko abokatua mobilizazio bat egiteko jakinarazpen epeen iguruan galdetzen ari zaio Forni. Hark erantzun: irailaren 20an, deitzaileek ez zekiten aurrez Polizia operazio bat egongo zenik. Oro har, beti manifestazio eskubidea bermatzen saiatzen direla azaldu du, eta, irailaren 20an, mobilizatzeko jakinarazpena aurkeztu zenean onartu egin zela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:30
2019-02-14

Amaitu du fiskalak, orain estatuko abokatutzak galdekatuko du Forn.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:28
2019-02-14

Adierazgarriak dira fiskalaren galderak. Forni galdetzen ari zaio urriaren 25eko bilera horretan zeintzuk zeuden independentzia deklarazioaren alde.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:27
2019-02-14

Urriaren 25eko bileraz, fiskala: "Jende asko al zegoen independentzia deklarazioaren oso aldekoak, Oriol Junqueras kasu?". Bere iritzi propioaz galdetu dio Forni: hura "elkarrizketaren aldeko bideak agortzearen aldekoa" zen. Puigdemonten iritziaz galdetuta, Fornek erantzun du hura ere hauteskundeetara deitzearen aldekoa zela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:23
2019-02-14

Urriaren 25era jauzi. Generalitateko egoitzan gauez eginiko bilera bati buruz galdetzen ari zaio fiskala. Fornen azalpena: bileraren helburua zen hauteskundeen edo independentzia deklarazioaren artean erabakitzea. Dioenez, ez du orotzen zehazki nortzuk egon ziren bilera horretan.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:20
2019-02-14

Fornek berriro bereizi ditu Mossoek zituzten aginduak eta Generalitatearen borondate politikoa. Mossoek epailearen aginduak bete zituztela errepikatzen ari da etengabe Forn, fiskala ere behin eta berriz ari zaiolako horri buruz galdezka. Fidel Condenaren beste galderetako bat: "Badakizu [hauteslekuetan] pilatuta zegoen jendea modu estrategikoan kokatuta ote zegoen?".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:13
2019-02-14

Hasi da arratsaldeko saioa, U-1ari buruzko galderekin. Forn fiskalari erantzuten ari da mossoen txostenetan oinarrituta, baina ohartarazi du berak ez duela operatibo polizialetan parte hartzen eta, beraz, ez dituela xehetasun asko ezagutzen.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

16:06
2019-02-14

Berehala hasiko da arratsaldeko saioa Espainiako Auzitegi Gorenean. Fiskalak jarraituko du Joaquim Forn galdekatzen. Fiskalaren akusazio idatziaren arabera, Fornek parte hartu zuen erreferenduma antolatzeko polizia operatiboa koordinatzeko bileran. Espainia "hausteko" helburuarekin, eta, nahiz eta jakin "istilu biolentoak" gerta zitezkeela, aurrera eraman zuela galdeketa. 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

14:36
2019-02-14

Eten dute saioa, 16;:00ak arte.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:36
2019-02-14

Prentsari eginiko adierazpenez azalpenak eman behar ditu orain Fornek, esan zuelako erreferenduma egin egingo zela: "Gobernuaren konpromisoa botoa eman ahal izatea zen". Gogora ekarri du Mossoen irizpideetako bat "bizikidetza" zaintzea dela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:32
2019-02-14

U-1an aurreikusten ziren indarkeria kasuez galdezka ari zaio fiskala Forni. Mossoek txosten bat osatu zuten balizko arriskuekin, baina Fornek zehaztu du "aurreikuspen bat" zela, eta "inola ere" ez zela espero indarkeria egoera orokorturik.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:29
2019-02-14

Behin eta berriz eskatzen ari zaio epaimahaiburua fiskalari galdera zehatzak egiteko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:24
2019-02-14

Dokumentu baten esaldi batean katramilatu dira defentsa eta fiskala; defentsako abokatuak inpugnatua dauka itzulpena, baina fiskala dokumentu hori baliatzen ari da galdetegia egiteko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

14:09
2019-02-14

U-1eko dispositibo polizialaz ari da Forn. Bi mosso joan ziren hautesleku bakoitzera. Fiskalak galdetu dio ea "oniritzia" eman zion planari, eta "nahikoa" iruditzen al zitzaion. Fornek erantzun du mossoen inoizko operatiborik jendetsuena izan zela: 8.000 polizia guztira. Alderaketa bat: 92.000 lan ordu egin zituzten mossoek U-1ean; abenduaren 21eko hauteskundeetan, berriz, 84.000 ordu.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:55
2019-02-14

Irailaren 20ko erregistroez eta mobilizazioez galdezka fiskala, eta azalpenak ematen Forn. Ea zeozer egin al zuten mossoek batzorde judizialaren lana ahalbidetzeko. Fornek ez daki zehazki, baina pentsatzen du mossoak joango zirela batzorde judizialaren lana bermatzera. Hala ere, kexatu da Guardia Zibilak ez ziela abisatu mossoei operazioaz, eta Kataluniako Poliziari dagokiola ordena publikoa kudeatzea.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:48
2019-02-14

Irailaren 20ko erregistroez eta manifestazioez galdezka ari zaio fiskala Forni: "Badakizu Guardia Zibilaren autoak txikitu zituztela? Badakizu Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart autoetara igo zirela?".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:43
2019-02-14

"Protesta zergatik, epaile batek agindutako erregistroagatik?". Fiskalaren galdetegia, gero eta atzerakoiagoa izateaz gain, ez da eraginkorra izaten ari bere interesetarako.

13:34
2019-02-14

ANC eta Omniumeko bazkide den galdetu dio fiskalak Forni, eta, ondoren, ANCk adierazitako helburu politikoak gogorarazi dizkio.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:31
2019-02-14

Forn: "Mossoen ezein ekintza ez zen izan Espainiako Konstituzioaren aurkakoa". Bereizten ari da bere "konpromiso politikoa" eta Mossoek beren egitekoa legeriaren arabera bete izana. Gogora ekarri du Mossoen buruzagiek Auzitegi Nazionalean deklaratu zutela ez zutela agindurik jaso esparru politikotik.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:24
2019-02-14

Fiskalak Forni galdetu dio 2017ko udan gobernuan eginiko aldaketek erreferendumarekiko iritziei erantzuten dieten; ea gobernutik irten zirenak ez al zetozen bat erreferendumarekin. Fornek erantzuna: "Ez dut uste, guztiak joan zirelako botoa ematera". Barreak eragin du horrek, eta oharra egin du Marchenak: publikoa kanporatuko du deklarazioekiko barre edo bestelako erreakzioak errepikatzen badira.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:20
2019-02-14

Momentuz, fiskalaren ildoari erreparatuta, ez dirudi Forn matxinada delitu baten errudun izan daitekeenik; gehienez, desobedientzia leporatu dakiokeela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:18
2019-02-14

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetutako hainbat neurriri buruz galdetzen ari zaio fiskala Forni: ea ezagutzen zituen baliogabetze horiek. Baietz Fornek. "Ez dut zalantzan jartzen Auzitegi Konstituzionalaren autoritatea, baina alderdiek izendatutako magistratuek osatzeak zalantzan jartzen du bere inpartzialtasuna".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:13
2019-02-14

Fiskalaren asmoa, argia: Forni galdetu dio noiztik dabilen politikagintzan eta inoiz atxilotu duten bere ideia independistengatik. Ezetz erantzun du.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:11
2019-02-14

Fornek fiskaltzari eta estatuko abokatuari erantzungo die. Ez herri akusazioari.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:11
2019-02-14

Soslaia: Joaquim Forn

Generalitateko Barne kontseilaria zen. Fiskaltzak 16 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, 11 urte eta erdiko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzegatik.

13:10
2019-02-14

Amaitu du Junquerasek. Voxek eskatu du akusazioak bere galderak egin ahal izatea, nahiz eta Junquerasek berak uko egin dion erantzuteari. Marchena epaileak herri akusazioaren abokatuari erantzun dio ezetz, ezin dituela galderak egin.

Joaquim Forn Kataluniako Barne kontseilari ohiaren txanda.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:06
2019-02-14

- "Legez kanpokoa da independentzia sustatzea?"

- "Ez. Ez da delitua independentziaren alde lan egitea, hura modu baketsuan sustatzea. Konbentzimendu horretatik egin dugu lan. Ez da delitu eta, gainera, ezin du izan eta ez du izan behar".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:05
2019-02-14

Erreferendumaren ondorenaz orain. "Jarraitu genuen elkarrizketara deitzen, eta erantzuna beti izan zen aulki hutsa". Ondoren iritsi zen independentzia deklarazioa. "Soluzio politiko bat behar da, herritarren botoek bermatuta, herritarren hitza kontuan hartuko duena". Etengabe ari da irtenbide politiko baterako deia luzatzen.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

13:00
2019-02-14

Van den Eynde: "Gobernuak inoiz agindu al zien Mossoei bere aginduak betetzeko eta erreferendumak errazteko?"

Junqueras: "Inoiz ez. Esan genien beren lana ondoen egiteko"

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:51
2019-02-14

Urriaren 1az: "Botorako eskubidea babesteko obligazioa dugu, grebarako eskubidea, beste batzuei kalte egiten badie ere, babestu behar dugun neurri berean".

- "Parte hartzera deitu zenuten?"

- "Bai, botoa ematea ez delako delitu bat".

Junquerasek berak botoa eman zuen; saiatu zen bere hauteslekura joaten, baina Poliziak galarazi zion bertan botoa ematea. Beste batean eman zuen, errolda unibertsala zegoelako: "Agerikoa zen indarkeria haren helburua ez zela botoa galaraztea, edozein lekutan eman zezaketelako, krispazio giro bat sortzea baizik".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:47
2019-02-14

Diru publikorik ez zen erabili erreferenduma finantzatzeko, Junquerasen hitzetan. Ez hautetsontziak erosteko, ez botopaperetarako: "Ez diot soilik nik; [Espainiako] Ogasun ministroak eta Mariano Rajoyk ere esan zuten". Akusazio idatzian jasotzen denez, Bruselan konferentzia bat ordaintzera bideratu zuten diru sail bat. Junquerasen erantzuna: "Adierazpen askatasunaren urraketaren adibide bat da".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:44
2019-02-14

Ez zegoen arazorik Ekonomia Departamentuko eraikinean sartzeko edo irteteko. "Jende asko" zegoen, baina guardia zibilak lasai zeuden, abegikor, Junquerasen arabera.

Enfocats izeneko txostenaz galdetuta -irailaren 20ko erregistroetan atzeman zuen Guardia Zibilak-, erantzun du gerora ezagutu zuela, kausara gehitzean: "dokumentu bitxia" iruditu zitzaion, eta ukatu du parte hartu izana txosten horretan jasotako ezein "komitetan".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:40
2019-02-14

Berriro hasi da saioa, Junquerasek jarraitzen du hizketan. Orain, irailaren 20ko atxiloketez eta protestez. Atxiloketen berri izatean, Ekonomia Departamentuaren egoitzara joan zen -Junqueras zen kontseilaria-, baina ukatu du erregistroa oztopatu izana.

- "Zer jarrera zuten bertan elkartutakoek?".

- "Baketsua, errespetuzkoa. Abesten zeuden".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:26
2019-02-14

Zer dio fiskaltzak Junquerasi buruz?

Prozesuaren liderretako bat izan zela, eta "beharrezko biolentzia" erabili zuela "emaitza kriminala" ziurtatzeko. Erreferendumerako polizia operatiboa koordinatzeko bileran parte hartu izana leporatzen dio. "Estatuaren batasuna hausteko helburuarekin, eta, nahiz eta jakin istilu biolentoak gerta zitezkeela, aurrera eraman zuen galdeketa". Mobilizazioak sustatu izana leporatzen dio, Espainiako Poliziari aurre egin ahal izateko mossoen operatibo bat hauspotzea.

12:01
2019-02-14

Atsedena, 12:30ean jarraituko du auziak. "Lastima, orain martxa hartua genuela...", dio Junquerasek.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

12:00
2019-02-14

Erreferendumaren egunera gerturatzen ari da Junqueras. Irailaren 6-7an onartu zituzten Erreferendumaren Legea eta Trantsizio Juridikorako Legea. Legebiltzarraren erregelamendua erreformatu zuten horretarako: "Mezu apokaliptikoak bota ziren, baina Auzitegi Konstituzionalak esan zuen guztik balekoa izan zela erreforma hori".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:53
2019-02-14

Hain justu, hitz egitean darabilen grinari erreferenzia egin dio Junquerasek: "Urte eta erdi daramat hitz egin ezinik, eta gustuko dut hitz egitea".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:49
2019-02-14

Tarteka berotzen ari da Junqeras: "Non dago delitua Kataluniaren independentziaren alde lan egitean? Inon ez. Egin dugun ezer ez da delitu bat". Azaldu du Kataluniako Parlamentua hainbat aldiz agertu dela autodeterminazio eskubidearen alde.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:43
2019-02-14

Junqueras: "Botoa ematea ez da delitu bat; ez dago Zigor Kodean. Botoa ematea galaraztea, bai". 2014ko azaroaren 9ko kontsultaren ondoren ere "pareko aulkiak hutsik" jarraitzen zuenez, "beste mekanismo bat" bilatu zuten herritarren iritzia jasotzeko: 2015eko iraileko hauteskundeak. Indar independentistek irabazi zuten, "errepublika katalan baten komenientziari buruzko erreferendum bat egitea" programan asota zutela.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:39
2019-02-14

Junqueras: "Nik espainia maite dut: askotan esan izan dut. Nola da bateragarri hori errepublikano katalana izatearekin? Uste dudalako onena dela elkarren arteko aitortza". Gaztelaniaz ari da Junqueras, "aukera" ematen diolako espainiarrengana zuzentzeko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:37
2019-02-14

Estatutuaren aurkako ebazpenetik (2010) eginiko "biraketa" azaltzen ari da Junqueras, eta nola autodeterminismoarekin bat egin zuten herritarren "gehiengoak".

Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluaren zereginaz galdetuta, adierazi du akademikoek osatutako batzorde bat zela, ez erabaki politikoak hartzeko erakunde bat.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:27
2019-02-14

Mobilizazioez galdetuta, Junquerasek: ANCk eta Omnium Culturalek deitzen zituzten, "erantzukizunez: antolatzaileak beti arduratu dira jarrera ez biolentoa bermatzeaz".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:24
2019-02-14

Junqueras: "Ironia ia krudela da elkarrizketari uko egiten diotenek esatea gure elkarrizketa eskaera erretorikoa dela". Azaldu du elkarrizketa batean parean duten aulkia "beti hutsik" dagoela. Aldarrikapen independentista "gehiengoarena, demokratikoa eta baketsua" dela gogorarazi du, eta alderatu beste kasu batzuekin: "Suediaren aulkia hutsik al zegoen Norvegiarekiko? Danimarkarena Isladiarekiko? Erresuma Batuarena Irlanda eta Eskoziarekiko? Ez".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:18
2019-02-14

Junqueras: "Egin dugun ezer ez da delitu: independentziaren alde modu baketsuan lan egitea, botoa ematea... Agerikoa da akusazioen argudiategia behartuta dagoela". Nabarmendu du borondatea beti izan dela "elkarrizketa"; gogora dakar 2006ko estatutua.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:18
2019-02-14
11:14
2019-02-14

Van den Eynde: "Noizbait onartu edo eztabaidatu duzue indarkeria erabiltzeaz zuen helburu politikoak lortzeko?".

Junqueras: "Inoiz. Beti baztertu dugu ezein indarkeria forma".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:11
2019-02-14

Autodeterminazioaren aldeko alegatua egiten ari da Junqueras, abokatuak galdetuta: "Autodeterminazioa eta erabakitzeko eskubidea ulertzen dugu printzipio demokratikoaren aplikazio gisa, komunitate politiko batek bere etorkizuna erabaki ahal izan dezan". Gogora ekarri du hainbat aldiz gauzatu dela eskubide hori, eta espresuki aipatu ditu AEBetako presidente Woodrow Wilsonen hamalau puntuak, Eskoziako erreferenduma (2014), Quebecekoak... Gogorarazi du azken kasu horretan erreferendum baten -biren- ondoren eman zitzaiola irtenbide politikoa.

Junquerasek erantsi du publikoak eta jakinak izan direla beti ERCren helburuak: "[Printzipio demokratikoaren ezarpenean] beti saiatu gara eta beti saiatuko gara, baita auzitegi honetan eserita egonda ere".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:11
2019-02-14
11:05
2019-02-14

Aldi bereko itzulpenik ez du onartu Goreneko epaimahaiak

Akusatuei esan die katalanez erantzuteko aukera izango dutela, eta hala eginez gero, ondoz ondoko itzulpena egingo dutela itzultzaileek, aretoan bertan. Ez da, ordea, aldi bereko itzulpenik izango.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

11:03
2019-02-14

Van den Eynde: "Zeintzuk da ERCren helburu politikoak?"

Junqueras: "Errepublika bat defendatzen du Kataluniarentzat, gizarte justu eta berdinzale bat osatzeko bide onena delakoan".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:01
2019-02-14

Bere karguak eta ibilbidea errepasatzen ari da Junqueras, eta preso politikotzat jo du bere burua.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

11:00
2019-02-14

Soslaia: Oriol Junqueras

Generalitateko presidenteordea zen. Fiskaltzak 25 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 12 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.

Soslai osoa, hemen.

10:58
2019-02-14

Ohar bat: Juan Ignacio Zoidoren deklarazioa Joaquim Forn Barne kontseilari ohiaren abokatua eskatu zuen, Zoidok Espainiako Kongresuan eginiko adierazpen batzuei buruz galdetzeko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:57
2019-02-14

Hasi da hizketan Oriol Junqueras: "Epaiketa politiko batean nago". Ez die akusazioei erantzungo.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:55
2019-02-14

Marchenak, berriro, ohartarazita horretan "irmoa" izango dela epaimahaia: "Ez da onartuko epaitzen ez diren ekintzei buruzko baloraziorik edo balorazio pertsonalik". Gaineratu du epaimahaiak ahozko epaiketan ikusi eta entzundakoak bakarrik hartuko dituela kontuan. Onartu dituen lekukotza berrien artean dago Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministro ohiarena.

Bukatu du Marchenak, baina kexu dira defentsako abokatuak.

Hstera doa lehen auzipetuaren deklarazioa: Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohi eta ERCko lehendakaria.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:40
2019-02-14

Vox herri akusazio gisa kanporatzeko eskaera ere ez du aintzat hartu Marchenak, baina ohartarazi du defentsako abokatuen nahiz akusazioen galdetegiek "ekintzei buruzkoak" izan beharko dutela: "Ez da posible izango eztabaida ideologiko bat".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:35
2019-02-14
10:35
2019-02-14

Puigdemontek bideokonferentzia bidez deklaratzeko aukera baztertu du Marchenak: "Ezin da goizez akusatu gisa etorri eta arratsaldez lekuko gisa".

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:31
2019-02-14

Urriaren 1eko irudiak jasotzen dituen pen drive bat froga gisa onartu du epaimahaiak. Jordi Sanchezen defentsak eskatu zuen irudi horiek dokumentazioan gehitzeko.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:29
2019-02-14

Carles Puigdemontek elkartasuna adierazi dio Oriol Junquerasi, txio batean: "Gaurtik aurrera, epaileek, fiskalek eta akusazioek ikusi eta sentituko dute zer den benetan harresi demokratiko bat, hainbeste beldur ematen dien hori. Ez utzi pasatzen errepresioari, ez egin atzera injustizia lotsagarriaren aurrean".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

10:26
2019-02-14

Defentsako abokatuek eskatu zuten epaiketan zehar auzipetuak aske uzteko. Ez du onartu Marchenak, haren esanetan, ez direlako aldatu instrukzio epailea behin-behineko espetxealdia agintzera eraman zuten baldintzak.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:24
2019-02-14

Prozesu subiranistaren aurka auzitegietan dauden sumarioak bereizi ditu Marchenak, Auzitegi Goreneko epaiketan Auzitegi Nazionalean nahiz Kataluniako Auzitegi Nagusian abian dauden ikerketak aintzat hartzeari uko eginda. "Metastasi dokumental bat" eragingo luke horrek epaimahaiburuaren arabera.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:16
2019-02-14

Antza, auzipetuek katalanez erantzun ahal izango dute. Bestalde, soilik ahozko epaiketan aurkeztutako frogak hartuko dira aintzat, Marchenak azaldu duenez.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:05
2019-02-14

Aurretiazko gaietan aurkeztutako alegazioetako batzuk gaur bertan erantzungo ditu epaimahaiak. Beste batzuk sententziarako utziko dituzte. Oinarrizko eskubideei buruzkoak epairako utziko dituzte, epaiketan epaitu beharreko gaiekin zerikusia dutelako.

Beste eskari batzuei dagokienez, epaimahaiak uko egin dio auzipetuek katalanez deklaratzeko aukerari, publizitate printzipioaren aurkakoa delakoan, aretoan ez daudenek ezingo luketelako ulertu.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

10:02
2019-02-14

Atzoko saioan, fiskaltzak ahaleginak egin zituen prozesu subiranista indarkeriarekin lotzeko; "plan kriminal bati buruz mintzatu zen". Oriol Junqueras jotzen dute plan horren buruzagi nagusietakotzat. Oraintxe hasi da saioa.

Jon O. Urain

Jon O. Urain

09:41
2019-02-14

Madrilen izango dira Torrent eta Aragones

Espainiako Auzitegi Goreean izango dira gaur, besteak best, Roger Torrent Kataluniako Generalitateko presidentea eta ERCko kidea, eta Generalitateko presidenteorde Pere Aragones, Junquerasi eta gainerako auzipetuei babesa agertzeko. Dena den, Torrent eta Aragonez ezingo dira epaiketa aretora, auzian lekuko izanik, deklaratu arte ezin baitute epaiketa bertatik bertara jarraitu.

ERCk jakinarazi duenez, Joan Tarda eta Gabriel Rufian diputatuak, Mirella Cortes eta Miquel Àngel Estrade senatariak eta Montserrat Benedi eta Jordi Coronas Bartzelonako zinegotziak ere hurbilduko dira gaur Auzitegi Gorenera.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

09:25
2019-02-14

Deklarazioen ordena

Akusatuen txanda izango da gaur. Oriol Junqueras Kataluniako Generalitateko presidenteorde ohia da lehena zerrendan, eta finkatuta daude gainerakoak ere. Printzipioz, ordena horretan deklaratuko dute.

Junquerasen ondoren, Joquim Forn Barne kontseilari ohia izango da bigarrena, eta haren atzetik hartuko dute hitza Jordi Turull Presidentetza kontseilari ohiak, Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilari ohiak, Josep Rull Lurralde kontseilari ohiak eta Dolors Bassa Lan kontseilari ohiak. Preso dituzte horiek denak.

Kalean dauden kontseiarien txanda izango da ondoren: Meritxell Borras Gobernazio kontseilari ohiarena aurrena, Carles Mundo Justiziakoarena, ondoren, eta Santi Vila Enpresa kontseilari ohiarena azkenik. Deklaratzeko txandan, azkenengoak dira buruzagi sozialak eta parlamentuko presidentea zena: Jordi Sanchez ANCko presidente ohia, Jordi Cuixart Omniumekoa, eta Carme Forcadell, Kataluniako parlamentuko presidente ohia.

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena

09:19
2019-02-14
09:19
2019-02-14
09:18
2019-02-14

Torrent: "Biharko liburuetan irakurriko da Junquerasen deklarazioa"

Akusatuak dira gaur deklaratzen hastekoak, Oriol Junqueraskin hasita. Kataluniako Parlamentuko presidente Roger Torrentek akusatuen deklarazioaren garrantzia nabarmendu du, gaur goizean, TV3 telebistan: "Biharko liburuetan irakurriko da Junquerasen deklarazioa". Torrentek azaldu du Kataluniako Generalitateko presitendeorde ohiak badakiela fokupean egongo dela gaur: "Defentsa politiko honen zutabe funtsezkoenak zein diren azalduko du".

Hodei Iruretagoiena

Hodei Iruretagoiena


Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna