Migratzaileak

Bi ontzi hondoratu eta gutxienez 52 iheslari hil dira Djibutiko kostaldean

Ehundik gora bidaiari zihoazen itsasontzietan, eta horietatik hamasei atera dituzte bizirik.

Iheslari ugarirentzako aterpe bilakatu da Djibuti azken hilabeteetan. KAREL PRINSLOO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urtarrilaren 31
13:02
Entzun

Somalia, Eritrea eta Etiopiakoak izan ohi dira Djibutitik itsasoz irteten diren migratzaileak. Normalean, haien helburua Yemen izan ohi da, eta handik Saudia Arabiara edo Arabiar Emirerri Batuetara jotzen dute lan bila. Mediterraneoa gurutzatzen dutenekin gertatu ohi den bezala, ordea, Djibutitik irteten direnetako asko ez dira lehorrera heltzen.

Joan zen asteartean ezbeharra izan zuten bi ontzitan bidaiatzen zuten ehun migratzaile inguruk. Itsasontziak hondoratu, eta gutxienez 52 iheslari hil egin dira. Oraingoz, hamasei dira bizirik atera dituztenak. Lekukoen arabera, itsasoratu eta ordu erdira hondoratu ziren bi ontziak, pisu handiegiaren eta itsaso zakarraren ondorioz.

Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak jakinarazi du gertatutakoaren berri, eta ohartarazi migratzaileek "arrisku handiei" aurre egiten dietela bizimodu hobearen bila abiatzen duten bidaian. Nazioarteko erakundea elkarlanean ari da Djibutiko Gobernuarekin, halako ezbeharrak gehiago gerta ez daitezen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.