Kontu ekonomikoak

Nafarroako ekonomia %3,2 hazi zen 2018an

Motelaldia ere iritsi da lurraldera: urteko azken hiruhilekoan %0,4 baizik ez da hazi barne produktu gordina.

VWen lantegia, Landabenen. JESUS DIGES / EFE
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 31
13:17
Entzun

Udan egindako iragarpenetik behera geratu da hazkundea, orduan %3,3 izan zela iragarri baitzuen gobernuak. Datu horri baino gehiago, bost urtez "hazkunde esanguratsua" izateari eman dio garrantzia Manu Aierdi Nafarroako Ekonomikoaren Garapenerako lehendakariordeak. 2012an eta 2013an txikitu zen BPGa Nafarroan (-%1,5 eta -%1,3, hurrenez hurren), baina orduz gero hazkunde tasa sendoak izan ditu: 2014an, %1,5, 2015ean eta 2016an %2,9 eta 2017an eta 2018an %3,2.

Aurtengorako %2,7ko hazkunde aurreikuspen bati eusten dio Nafarroako Gobernuak, baina Aierdik aitortu du apaldu egin dezaketela, baldin eta brexit-ak eta merkataritza gerrek nazioarteko ekonomia zigortzen badute. 

Antzeko kopuruak eman dituzte haren iragarleek ere: Funcasek %2,8, BBVAk %2,7 eta Laboral Kutxak %2,6.

Aierdik onartu du urtearen bigarren erdian moteldu egin dela hazkunde erritmoa. Urtearen lehen erdian %1 hazi zen hiruhileko tasan, %0,6an hirugarrenean, eta %0,4 laugarrenean. Datu horretan zerikusia izango du Volkswagenen Landabengo fabrikaren geldialdiak, CO2 isuriak neurtzeko sistema berriak Europako autogintzan sortu dituen arazoen ondorioz. Problema horrek berak eragin du hazkundea %2,8ra moteltzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Mercedesek hiru lurralde horietako ekonomian duen pisu handia dela eta.

Eurogunea, %1,8

Eurogunean, berriz, %1,8 hazi zen BPGa joan den urtean, eta %1,9 Europako Batasun osoan. Baina bi eremuetan hazkundeak moteltzera egin du urteak aurrera egin ahala. Eurogunean, esaterako, hiruhileko arteko hazkundea %0,4 izan zen urtearen lehen erdian, eta %0,2 bigarrenean. Horrela, urte amaieran ekonomia %1,2ko erritmoan hazten ari zen, urte hasierako %2,4tik oso urrun.

Ekonomiaren moteltzea eragina izaten ari da enpleguan ere. Beheraka jarraitzen du, baina 2018 hasieran baino astiroago. Abendutik irailera %8,6tik %8ra jaitsi zen langabezia tasa eurogunean, baina orduz gero %7,9ra baizik ez da apaldu. Azarotik abendura ez da tasa txikitu, nahiz eta 75.000 langabe gutxiago zenbatu dituen Eurostatek. Guztira, 12.919.000 lagun daude lanik gabe euroguneko hemeretzi herrialdetan. Azken urtean, 1,74 milioi lagunek utzi diote langabe izateari.

Italia, atzeraldian

EBko estatuen artean alde handiak daude batetik bestera. Espainia %2,5 hazi zen iaz, eta %1,5, berriz, Frantzia eta Alemania. Gauzak nabarmen okerragoak doaz Italian, teknikoki atzeraldian sartu baita azken bi hiruhilekoetan hazkunde negatiboa izan ondoren (-%0,1 hirugarrenean eta -%0,2 laugarrenean). Istat estatistika erakundeak zabaldutako informazioaren arabera, industriak eta lehen sektoreak egin dute atzera, eta egonkor daude zerbitzuak. Giuseppe Conte lehen ministroak atzerriko faktoreei eta aurreko gobernuen kudeaketari egotzi dio atzeraldia. Aurten %1eko hazkundea espero du, baina iragarpen baikorregia dela erantzun diote Italiako Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak (%0,6 espero dute).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.