EUSKARA

2020ko udazkenean egingo dute bigarren Euskaraldia

Datorren urtean egingo dute hurrengo aldia. Hizkuntza ohituretan eragitez gain, helburu izango du entitateetan eragitea, "euskararen erabilera hazteko neurriak" har ditzaten.

Lehen Euskaraldiaren balorazioa egiteko agerraldia. ANDONI CANELLADA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 31
07:15
Entzun

Euskaraldia ariketa soziala egingo dute aldi gehiagotan. Iazko udazkenean egin zuten lehen aldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, eta balorazioa egitean aurreratu zuten bide hori jorratzen segitu nahi zutela. Proposamen zehatza lantzen ari dira, baina aurreratu dute 2020ko udazkenean egingo dutela hurrengo ariketa.

Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuaz gain, beste bat ere izango du datorren urtekoak: entitateen funtzionamenduan eragitea, euskararen erabilera areagotzeko "urrats zehatzak" egin ditzaten. "Konpromiso zehatzak hartu eta gauzatuko dituzte erakunde publikoek, enpresek, komertzioek, elkarteek eta gizarte eragileek".

Aurreko Euskaraldian 220.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, eta 200 entitatek baino gehiagok babestu zuten ariketa. Herritarren ahobizi eta belarriprest rolak izango dira datorren urteko ariketan ere, eta horri erantsi nahi diote entitateek pisu handiagoa izatea. “Urrats bat aurrera egin eta entitateen funtzionamenduan euskararen erabilera eta praktikak babesteko konpromiso zehatzak hartzeko eskaria egingo zaie”. Aurten bertan hasiko dira hori prestatzen.

Euskaraldiak izandako eraginari buruzko ikerketa martxan du Soziolinguistika Klusterrak, eta udan jakinaraziko dituzte emaitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.