Memoria

Martin Villa ministro ohia epaitzeko eskatu dute 30 bat elkarte memorialistak

Kanpaina bat abiaraziko dute Euskal Herrian, Galizian, Herrialde Katalanetan eta Espainian, ministro izan zenean Poliziak eta talde parapolizialek hildako 90 lagunengatik erantzukizunak galdegiteko.

gotzon hermosilla
2019ko urtarrilaren 31
17:16
Entzun

Ahaztuak, Egiari Zor, Goldatu, Sanferminak 78 Gogoan eta Martxoak 3 elkarteek iragarri dute kanpaina bat abiaraziko dutela Galiziako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako beste hainbat elkarte memorialistarekin batera Rodolfo Martin Villa epaitua izan dadin. Frankismoaren garaian hainbat ardura izan zuen Martin Villak, eta 1975etik 1979ra Espainiako ministro izan zen: Harreman Sindikaletakoa lehenbizi eta Barne ministroa gero.

Ministroa izan zen bitartean, 90 lagun baino gehiago hil zituzten Espainiako Poliziak eta talde ultraeskuindarrek. Hori dela eta, haren kontrako auzibidea zabaldu dute Argentinako epaitegietan "gizateriaren kontrako krimenak" egotzita, baina elkarteek uste dute Espainian ere epaitu behar dutela.

Euskal Herriari dagokionez, 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko sarraskia —bost hildako— 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko astea —zazpi hildako— eta 1978ko sanferminetako gertaerak —bi hildako— jazo ziren, besteak beste.

Elkarte memorialistekin batera, garai hartan hildako hainbat lagunen senitartekoek ere bat egin dute kanpainarekin. Ahaztuak elkarteko Carlos Otxoak eta Sanferminak 78 Gogoan-eko Presen Zubillagak esan dutenez, martxotik uztailera "ahalegin berezia" egingo dute kanpaina hedatzeko, Gasteizko, amnistiaren aldeko asteko eta sanferminetako sarraskien urteurrenetan alegia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.