Katalunia

Epaiketaren atariko tentsioa areagotu da auzipetuen lekualdatzearekin

Otsailaren 12an hasiko da Kataluniako prozesu subiranistaren kotrako epaiketa. Iñigo Urkullu lehendakaria lekuko gisa deklaratzera deitu du Espainiako Auzitegi Gorenak. Preso dauden buruzagi independentistak Madrilera lekualdatu dituzte, herritarren prostesta artean. ANCk Europako Batzordearen Bartzelonako egoitza okupatu du, Europaren eusku hartzea eskatzeko.

jarraia162317.jpg
Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko otsailaren 1a
09:50
Entzun

Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketaren eguna gerturatu ahala, giroa gaiztotuko zela jakina zen eta gertatzen ari da. Epaiketa otsailaren 12an hasiko dela jakin zen, atzo, behin-behinean preso diren buruzagi independentistak Kataluniako espetxeetatik Madrilera lekualdatu zituzten egunean. Herritarren protesta artean irten ziren Kataluniatik, eta prostestak segida izan du arratsaldean ere. ANCk manifestaziorako deia egina zuen, baina, azken unean, Europako Batzordeak Bartzelonan duen egoitzaren parean elkarretaratzea egiteko eskatu die herritarrei. 18:00etatik aurrera bildu dira, eta elkarteko 21 ekintzaile eraikinaren barrura sartu dira. Lehen solairuko balkoian pankarta bat eskegi dute, Autodeterminazioa eskubide bat da, ez krimen bat leloa ingelesez idatzita duena. Eraikinean geldituko direla adierazi dute.

ANCk mezua bidali dio Europako Batasunari: Espainiak Kataluniako prozesu subiranistaren kontran hartu dituen neurrien aurrean esku har dezala. Elisenda Paluzie ANCko presidentearen esanetan, Europak ezin du ezikusiarena egin "oinarrizko eskubideak urratzen eta erreferendumak indarkeriaz jazartzen direnean". Eraikinaren barruan diren lagunak babestera geldituko direla adierazi du, gutxienez, gaur gauean. Bertara joateko deia luzatu die Bartzelonako eta hiriaren inguruko herritarrei.

ANCtik jakinarazi dutenez, eraikinaren okupazioaren zergatiak azaltzen dituen idatzia helarazi dio Europako Batzordeko ordezkaritzari. Gutuna Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari eta Ferran Tarradellas batzordeak Bartzelonan duen ordezkariari dago zuzenduta. Eskutitzak dio bederatzi buruzagi independentista Madrilera lekualdatu dituztela matxinada delitua leporatuta eta "Kataluniako autodeterminazio prozesuan izan den indarkeria bakarra erreferenduma jazarri zuen polizia espainiarrarena" izan zela. ANCk salatu du Espainia "gutxiengo kataluniarraren giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak zapaltzen" ari dela.

Europako Batzordearen parean elkarretaratzea hasi denerako, preso dauden bederatzi buruzagi independentistak Madrilgo Soto del Real eta Alcala Meco espetxeetan zeuden jada. Dolors Bassa Generalitateko kontseilari ohia eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohia 16:00ak aldera iritsi dira Alcala Mecora. 17:15etan iritsi dira, berriz, Soto del Realera, Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde ohia, Josep Rull, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Raul Romeva kontseilari ohiak, Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omniumeko presidenteak.

Otsailaren 12an hasiko da bederatzi presoen eta Carles Mundo, Santi Vila eta Meritxell Borras Generalitateko kontseilari ohien kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako prozesu subiranista antolatu eta garatzea egotzita.

Urkullu, lekuko

Auzitegiak deklaratzera deituko dituen lekukoen berri eman dute, Espainiako hainbat hedabidek. Horien artean da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Urkulluz gain, lekukotza ematera deitu ditu auzitegiak Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako presidenteorde ohia, Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministro ohia, Artur Mas Kataluniako presidente ohia, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, Ada Colau Bartzelonako alkatea, Gabriel Rufian eta Joan Tarda ERCko diputatuak eta Marta Pascal PDeCAT alderdiko koordinatzaile nagusi ohia.

Fiskaltzak eskatu dituen 256 lekukoren artean, auzitegiak deklaratzera deitu ditu Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun estatu idazkari ohia, Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian zuen ordezkari ohia eta Diego Perez de los Cobos Guerdia Zibileko koronela, urriaren 1eko erreferendumean mossoen, guardia zibilen eta pozilia nazionalen dispositiboa gidatu zuena.

Ministerio publikoak 7 eta 25 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu hamabi auzipetuentzat, matxinada eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta.

Madrilera bidean

Goizeko seiak inguruan hasi dituzte mossoek preso independentista katalanak espetxez aldatzeko lanak. Bartzelonako Can Brians (Sant Esteve Sesrovires, Bartzelona) espetxean batu dituzte aurrena —09:00etarako han zituzten guztiak, eta ordu erdi baino lehen eraman ditu Guardia Zibilak Madril aldera—.

CSC intersindikalak ere gaur zehaztu du greba orokorrerako eguna: otsailaren 7a. Espainiako berri agentziak epaiketaren hasiera eguna zabaltzen hasi baino lehentxeago egin dute iragarpena.

Dolors Bassa izan da lehenengoa gaurko goizeko lekualdatzean: Figuereseko espetxetik atera dute 06:30 aldera. Herritar ugari bildu dira babesa agertzera, eta lekualdatzea oztopatzen ere saiatu dira zenbait. Forcadell, berriz, El Catllarreko kartzelatik atera dute, eta Lledonerseko espetxetik eraman dituzte Rull, Turull, Forn, Romeva, Sanchez eta Cuixart. "Ez zaudete bakarrik" oihukatu dute ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeen deiari erantzunez.

CDRek "sasi-epaiketaren konplize" ez izatera deitu du, eta errepideak blokeatzen saiatu dira. Tentsioa izan da une batzuetan, eta kolperen batzuk ere jo dituzte mossoek.

Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torra eta hainbat kontseilari Brianseko espetxera joan dira presoak agurtzera.

Espainiako Kongresuko EAJren bozeramaile Aitor Estebanek aitortu du "esperantza gutxi" duela epaiketaren inguruan. Euskadi Irratian egindako elkarrizketan esan duenez, "zigor eredugarria" jartzeko gogoa sumatzen du epaileen artean: "Jarraipena egitea garrantzitsua izango da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.