Tortura

Torturei buruzko ikerketa abiatzeko eskatu dio Torturatuen Sareak Nafarroako Gobernuari

Eguerdian aurkeztu dute Nafarroako Torturatuen Sarea; herrialde horretan torturen biktima izan diren 55 lagunek sortu dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egindako ikerketa bera nahi dute Nafarroan.

Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpena, eguerdian, Nafarroako Jauregiaren aterpean. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2019ko otsailaren 2a
07:08
Entzun

"Azken hamarkadetan herrialde honetan torturak izan duen eragina argitzeko ikerketa ofizial, profesionala eta independentea egitea exijitzen dugu". Argi mintzatu da Oihan Ataun Nafarroako Torturatuen Sarearen aurkezpenean. Kezka agertu du auzitegiek ikerketa hori egitea debekatu baitute Nafarroan, Hegoaldeko beste lurraldeetan ez bezala. "Erabat onartezina eta oso mingarria da egia argitara atera dezakeen ikerketari ezarri zaion blokeoa". 

Egoera horiru ikusirik, beren eskuetan dagoen guzia eginen dutela azaldu du Ataunek. Bi deialdi egin dituzte: batetik, torturak jasan dituztenei sarera batu daitezela eskatu diete. Bestetik, gizarteari babesa emateko galdegin diote, eta haien egitasmoetan parte har dezatela eskatu. Adibidez, otsailaren 13an torturaren kontrako eguna da Euskal Herrian, eta protestak antolatuko dituzte.

Sarearen datuak

Eskakizunak ez ezik, datuak ere eman ditu Nafarroako Torturatuen Sareak. Azaldu dutenez, 1.000 nafar baino gehiago torturatu dituzte poliziek, eta lagun bat hil: Mikel Zabalza. Gogoratu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak hiru aldiz zigortu duela Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik: Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel eta Xabier Beortegiren kasuak dira. Gainera, hiru nafarren tortura testigantzei sinesgarritasuna aitortu zion CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak.

Sarea aurkeztuta, alderdi politikoekin biltzen hasiko dira orain, beren eskakizuna kontuan har diezaieten. Torturari buruzko eztabaida piztu nahi du sareak, eta beren eskakizunekin bat egin dezaten, maiatzeko hauteskunde programan ikerketa bilduz, adibidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.