Politika

Faxismoaren gorakadari erantzuteko mobilizaziora deitu dute Iruñean

Askatasunaren aldeko martxa egingo dute otsailaren 23an. "Defentsarik onena urratsak egiten jarraitzea" dela ziurtatu dute.

'Askatasunaren aldeko martxa' lelopean otsailaren 23an egingo den manifetazioaren aurkezpeneko prentsaurrekoa, gaur, Iruñean. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko otsailaren 2a
22:57
Entzun

Faxismoa indartzen ari dela eta gorakada bizi duela ohartarazi dute hainbat gizarte eragilek, gaur, Iruñean. Hala, "gorroto, beldur eta autoritarismo erreakzioaren aurrean" erantzutzeko beharra nabarmendu dute. Horretarako, eta "Nafarroak eremu demokratikoan eta sozialean aurrera egiten jarrai" dezan, mobilizaziora deitu dute gaur, prentsaurrekoan. Otsailaren 23an, manifestazioa egingo dute hainbat arlotan jarduten duten hainbat gizarte eragilek, Nafarroako hiriburuan. 17:30ean abiatuko da.

Deitzaileek salatu dutenez, "adierazpen askatasuna zapaldua izaten ari da, eta sexu askatasuna irainak eta jazarpena jasaten ari da". Horrez gain, "autoritarismoa, militarismoa, xenofobia, homofobia eta gizarte bazterkeria" sustatzen direla adierazi du.

Egungo askatasun demokratikoak eta eskubide sozialak defendatzeko beharraz ohartarazi dute deitzaileek. Beren esanetan, askatasun eta eskubide horiek ez dira inoren oparia, gizartearen "lanaren eta borrokaren" ondorio bazik. Hori dela eta, ziurtatu dute ez daudela "salgai". "Osasun arloko, hezkuntzako, arreta sozialeko, kulturako, pentsioen eta beste horrenbeste zerbitzu publikoen pribatizazioen edo degradazioaren saiakera guztiek" aurrez aurre izango dituztela adierazi dute.

Deitzaileek uste dute erantzunak, faxismoaren aurkakoa bakarrik ez, "positiboa" ere izan behar duela. Argitu dutenez, "askatasuna, demokrazia, elkartasuna eta justizia soziala" defendatzera irtengo dira kalera.

Deitzaileek ez dute uste faxismoaren gorakada "zerutik erori" denik. Aldiz, "atzoko eta gaurko aldagai zehatzetan" aurki daiteke haren erroa. Aldagai horien artean aipatu dute frankismoa bere "habia" izan zuen esparru ekonomiko, politiko, instituzional eta soziala.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.