Gizartea

Eraso sexualak eta fisikoak egotzita, Deustuko Salestarretako irakasle ohi bat salatu dute zortzi gizonek

Ertzaintzak jakinarazi du epaitegira bideratu duela ikerketa. Bilboko ikastetxeak "barkamena" eskatu du, "halakorik gertatu bada".

Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 2a
07:06
Entzun

1970eko eta 1980ko hamarkadetan Bilboko ikastetxe erlijioso batean ikasleen aurka gertatutako sexu erasoak eta indarkeria fisikoa azaleratu dituzte zortzi gizonek. El País kazetak jakinarazi duenez, Deustuko Salestarretako irakasle ohi baten aurkako salaketa jarri dute asteon Ertzaintzaren aurrean. Jose Miguel San Martin du izena, eta hainbat talderen tutore, ikasketaburu eta aholkulari psiklogiko izan zen. Biktimek, berriz, 8 eta 10 urte bitartean zituzten. Ukituak, muxuak, masturbazioak, bortxaketak eta jipoiak izan zirela azaldu dute; eskolako sotoan eta ikasgeletan egiten zizkien, baita udalekuetan ere. Egunkari horrek bildutako testigantzen arabera, "beldurrez" bizi ziren mutikoak, erasoak "ohikoak" zirelako. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du Ertzaintzak zazpi salaketa ikertu dituela, eta epaitegira bidali duela txostena. Ikastetxean ere "barne ikerketa" bat abiatu dute, Salestarren Kongregazioak ohar bidez jakinarazi duenez; ikasle ohiei babesa adierazi die, eta "justiziarekin kolaboratzeko" prest agertu da. Era berean, "barkamena" eskatu du, "halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada".

Dena den, ikastetxeak ukatu du erasoen garaian irakaslearen aurkako kexarik jaso izana. Salatzaileetako batek El País-en azaldu duenez, ordea, bere amak eta beste ikasle baten gurasoek ikastetxeko zuzendariarengana jo zutela, eta hark gomendatu ziela Polizian salaketarik ez jartzea. Handik gutxira, ordena utzi zuen San Martinek. Irakaslearekin berarekin ere hitz egitea lortu du kazeta horrek, eta hark ukatu egin ditu akusazioak, baina adierazi du "gauza batzuk txarto interpreta" zitezkeela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.