Venezuela

Asanblea Nazionalean hauteskundeak egiteko erronka jarri du Madurok

Guaidoren zaleek Venezuelako hiriburuan eta herri ugaritan bildu dituzte milaka pertsona. Chavistek, berriz, beste milaka lagun elkartu dituzte, iraultza bolivartarraren hogeigarren urteurrena bete denean.

Oposizioak milaka herritar bildu ditu Caracasko kaleetan. LEONARDO MUÑOZ / EFE
2019ko otsailaren 2a
07:17
Entzun

Gobernuaren zaleak eta oposizioak berriro neurtu dituzte beren indarrak kalean. Juan Guaidok manifestatzera deitu zituen herritarrak gaur larunbatean, eta milaka bildu dira, Caracasen bertan, eta herrialdeko beste leku askotan. Baina atzerrian ere. Euskal Herrian, Bilbon eta Gasteizen elkarretaratzeak egin dituzte Guaidoren zaleek.

Chavismoak, ordea, hogeigarren urteurrena ospatu du egun berean, eta Maduro babesteko baliatu dute beste milaka herritarrek. Gaur bezalako egun batez, 1998an, igo zen boterera Hugo Chavezek abiatutako mugimendua. Urteurrena gatazka giroan ospatu dute, edozein moduz.

Urtarrilaren 23an Guaidok bere burua presidente izendatu zuenetik, tentsioak gora egiten jarraitu du. Kargua utzi eta presidentetzarako "hauteskunde libreak" egiteko eskatzen ari zaizkio Maduroren taldeari. Venezuelako presidente ofizialak ez du atzera egiteko asmorik, ordea, eta gaur erronka bota dio oposizioari: "Hauteskundeak nahi dituzue? Goazen Asanblea Nazionalerako hauteskundeak egitera!".

Presidentetzarako hauteskundeak egiteko asmorik ez duela sarritan aipatu du Madurok. Iazko maiatzean berak irabazi zituen bozak —oposizioaren gehiengoak boikota egin zuen, ez zen aurkeztu—, eta urtarrilean kargua hartu zuen. Asanblea Nazionala, berriz, desmen egoeran dago, Auzitegi Gorenak aginduta. Parlamentua, legez, indargabetua dagoenez, Asanblea Nazional Eratzailea antolatu zuten chavistek, eta azken horri zuzendu zaio gaur Maduro, hauteskundeak antolatu ditzan. Erronka betea da, Guaido delako Asanblea Nazionaleko presidentea.

"Legitimatu dezagun herrialdearen botere legegilea, eta hauteskunde libre batzuk egin ditzagula, berme guztiekin, eta herriak erabaki dezala Asanblea Nazional berri bat", adierazi du Madurok: "Ados zaudete horrekin? Ni ados nago. Hauteskundeak aurreratzea nahi dute? Goazen hauteskunde parlamentarioetara orduan".

Bestela, bi aldeek beren armak erabiltzen jarraitzen dute. Gaur jakin da, esaterako, Venezuelako dibisio general eta Abiazioko Planifikazio Estrategikoko zuzendari batek, Francisco Esteban Yanez Rodriguezek bideo bat zabaldu zuen atzo, Juan Guaido herrialdeko presidente gisa onartuz. Salatu zuen armada "mehatxu infinituak" jasotzen ari dela, hain justu Guaido onartzeko urrats hori egin ez dezaten. Beste militarrei eskatu die oposizioko burua babesteko; eta AEBek militarrei eskatu diete bide horretatik jarraitzeko. Venezuelako Abiazioak, aldiz, Twitterreko bere kontu ofizialetik, "traidore" deitu dio Yanez Rodriguezi.

Gutxitan gertatu da militar batek chavismoaren aurkako mezu publiko bat ematea, eta, horregatik, oposizioak aise zabaldu du mezu hori. Joan den urtarrilaren 21ean 27 militar altxatu ziren, baina atxilotu egin zituzten aurki. Guaido, bere burua presidente izendatu aurretik eta ondoren, behin eta berriro zuzendu zaie militarrei, Maduroren aurka jar daitezen. Amnistia bat ere agindu die maiz. Orain arte militarrek talde gisa egin duten adierazpen bakarrean Maduro babestu dute, ordea.

Bestetik, "laguntza humanitarioa" bidaltzen hastekoak dira Guaido babestu duten herrialdeak. AEBetatik, Brasildik eta Kolonbiatik jakiak eta botikak bidaliko dizkietela esana dute azken orduetan. Madurok ez ditu onartu. Azken buruan, mugen kontrola eta herrialdearen gaineko boterea nork duen ebazten ari dira. AEBek, gainera, Kolonbia eta Venezuela arteko mugara soldaduak bidaltzeko asmoa aztertzen ari dela ezagutu da aste honetan.

Madurok, bere aldetik, herritarrei dei egin die miliziano gisa izena eman dezaten armadan.

Nazioartean ez dira guztiak Maduroren aurkako ahotsak. Gerard Schoeder Alemaniako kantziler izandakoa (1998 eta 2005 artean) kritiko agertu da krisian AEBek hartu duten rolarekin: "Uste dut ez dela oso inteligentea estatubatuarrek arrapaladan esatea Guaido gaztea dela presidentea. Legalki, konplexua da, eta horrelako jokabide batek kalte egiten dio Mendebaldearen kanpo politikari". Jeremy Corbin Erresuma Batuko laboristen buruak, berriz, "kanpotik egindako esku hartzeak" salatu zituen bart.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.