Politika

EAJk "orekari" eusten diola adierazi du Ortuzarrek, "ezkerrera edo eskuinera" erori gabe

Hurrengo udal eta foru hauteskundeetarako eta Europako bozetarako kanpainaurreari hasiera emateko ekitaldia egin du alderdi jeltzaleak Barakaldoko BECen (Bizkaia).

EAJren hautagaien aurkezpenerako ekitaldia, gaur, Barakaldoko BEC erakustazokan. ENDIKA PORTILLO, FOKU
2019ko otsailaren 3a
11:42
Entzun

Egoera politikoak baldintzatuta, EAJk azken hilabeteetan "akrobazia" egin behar izan duela adierazi du Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak. Hala ere, alderdiak "orekari" eusten diola nabarmendu du, "ezkerrera edo eskuinera" erori gabe, "euskal agenda" ardatz hartuta. "Goma lasaia izanagatik, eta egungo politikaren tarteak estuak diren arren, orekari eusten ikusiko gaituzue, baina ez gara eroriko", ziurtatu du. Ortuzarrek EAJren hautagaitzen aurkezpen ekitaldian egin ditu adierazpen horiek, gaur eguerdian, Barakaldoko BECen. 5.000 jarraitzaile inguru bildu ditu alderdi jeltzaleak.

Ortuzarren esanetan, EAJk datozen hauteskundeetan izango duen oposiziorik indartsuena "gehiegizko konfiantza" izango da. EAJko presidenteak ohartarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburu eta foru aldundi guztietan garaipena iragartzen dieten inkestek ez dietela mesederik egiten. Oinarriei eskatu die ez lasaitzeko. "Gogor" lan egitera deitu ditu. "Itxaropena galdu duen eta alderdi politikoengan sinesten ez duen jendea ilusionatu behar dugu, indar demokratikook utzikeriarengatik edo gure akatsengatik uzten dugun tokia populistek, demagogoek eta antisistemek hartzen dutelako".

Oposizioari buruz ez duela hitz egin nahi gaineratu du Ortuzarrek; "ez hangoaz eta ez hemengoaz". EAJren helburu politikoak jarri ditu erdigunean. "Nazioa eraikitzeko proiektu politikoa, erakundeei euskal izpiritua ematekoa eta bere etorkizuna erabakiko duen Euskadi bat lortu asmo duena".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere hartu du hitza gaurko ekitaldian. Urkulluk hitzeman du EAJk lan egingo duela "autogobernua bete eta subinotasuna eta erabakitzeko eskubidea irabazi" arte. Horretarako, "gauzak ondo egin" behar direla nabarmendu du. Ezinbesteko jo du, "abertzale bezala, barneratzaileak" izatea eta "gizarte ireki eta modernoen aldeko apustua" egitea. "Nazioarteko eraginkortasuna gure izaera euskal herritar eta unibertsalean; hori da gakoa".

Bide hori egiteko estrategia elkarrizketa eta akordioaren aldeko jarrera "konstante eta irmoa" da, Jaurlaritzako lehendakariaren iritziz.

Izaskun Bilbao EAJren Europako Parlamenturako hautagaiak nabarmendu du Europako Batasuna "borondateen batuketa" dela, eta oinarri hori dela "modernoa eta demokratikoa". Aldiz, epaien bidez eusti behar diren batasun bereiziezinak "zaharkituak" daudela gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.