Euskal presoen senideek bi istripu izan dituzte asteburuan

Etxeratek salatu du urtea hasi zenetik lau istripu izan dituztela presoen senideek. "Sakabanaketa bultzatzen dutenak" egin ditu erantzule.

jarraia162413.jpg
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 4a
13:48
Entzun

Herrera de la Manchan (Gaztela-Mantxan) preso dagoen Jon Mirena San Pedro ikusi ostean, etxera bidean ziren haren bi lagun Pancorvo parean istripua izan zutenean. Haien aurretik zihoazen bi autok irrist egin zuten elurraren ondorioz, eta haietako bat gurutzatuta geratu zen. Azken hori saihestu ezin, eta haren aurka jo zuen presoen lagunen ibilgailuak. Eurak onik atera ziren arren, taxian egin behar izan zuten etxerako bidea.

Bigarren ezbeharra atzo goizean gertatu zen. Luis Mariñelarena presoaren bi lagunen ibilgailuak irrist egin zuen txingorraren ondorioz, eta beste ibilgailu baten aurka jo zuen lehenik, eta barandaren aurka ondoren. Ez da zauriturik izan, eta presoaren lagunak euren kabuz itzuli ahal izan dira etxera. Curtisko espetxean dago Mariñelarena, etxetik 770 kilometrora.

Urtea hasi zenetik presoen senide eta lagunek izan duten laugarren istripua izan da honakoa. Etxeratek nabarmendu du Mirena San Pedroren lagunen istripua haren familia bizi den tokitik ehun kilometrora gertatu dela, eta sakabanaketa bultzatzen dutenak egin ditu gertatutakoaren erantzule. "Beste behin, argi geratu da sakabanaketak eragindako arriskuak ez direla desagertzen presoak gerturatuta".

Gaur, bihar, etzi eta ostiralerako elkarretaratzeak antolatu dituzte istripuak salatu eta sakabanaketa amaitzeko eskatzeko. Iruñean, Gasteizen eta Deustun egingo dituzte gaur arratsaldean; bihar, berriz, Bilbon, eta etzi Donostian. Ostiralean Etxarri Aranatzen. Etxeratek ohartarazi du asteburuan ezbehar larririk gertatu ez izana "zorte kontua" izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.