Real Madril 3 -0 Alaves

Esku hutsik itzuli dira etxera

Gol aukerak lortu ezinik, defentsan gotortu dira Abelardorenak. Baina ezin izan diete eutsi Real Madrilen erasoei.

Alaveseko jokalariak, partida amaitu ostean. RODRIGO JIMENEZ, EFE
2019ko otsailaren 4a
08:04
Entzun

Pozteko arrazoi gutxi ditu azken aldian Alavesek. Abelardo Fernandezek berak onartu du zail izango dela beheraldiari aurre egitea: "Ez dugu lehen itzuliko emaitza lortuko. Badakigu zein zaila den. Liga oso estu dago eta ikusgarria izaten ari da ikusleentzat, baina guri kosta egingo zaigu". Real Madrilen aurka 3-0 galdu ostean esan zituen hitzok Abelardok.

Lehen itzulia Real Madrili irabazi bazion ere, atzokoan ezinezko egin zitzaion garaipena errepikatzea. Erasoan ezin, eta defentsan jarri zituen indarrak euskal taldeak, baina hori ere ezinezko izan zen azkenean. Ordu erdi nahikoa izan du Benzemak markagailua etxekoen alde jartzeko, eta hortik aurrera benetan malkartsua izan da bidea Abelardoren jokalarientzat. Viniciusen eta Marianoren golek erabakita utzi dute partida.

Bigarren zatian aurkaria indartsu zela ikusita egin du ahaleginik Alavesek eta baita gol aukerak sortu ere. Burguiren jaurtiketa batek eta Jony Rodriguezen beste batek urduri jarri dute Courtois, baina hortan geratu dira bisitarien aukerak.

Egindako akatsak aitortu ditu Abelardok. "Ez dugu irabaztea merezi izan, baina emaitza gogorregia izan da. Atzean ondo jokatu dugu, baina kosta egin zaigu erasoan aritzea. Akatsak garesti ordaintzen dira Real Madrilen gisako talde baten aurka".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.