El Salvador

Hamar urteren ostean, eskuina itzuli da El Salvadorrera

Botoen %53 eskuratuta, duela gutxira arte San Salvadorko alkate zen Nayib Bukele da estatuburu berria. AEBek "trantsiziorako laguntza" eskaini diote.

Nayib Bukele, bart, bozak irabazi berritan. ESTEBAN BIBA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 4a
12:23
Entzun

Kanpainan behin baino gehiagotan esan izan du Nayib Bukelek presidentetzara eskuineko alderdi baten izenean aurkeztu arren, agintera helduz gero independentziaz jokatuko duela. Orain, hitza betetzeko prest ote dagoen ikusi beharko da. Izan ere, hamar urtez agintean egon den FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea baztertu eta eskuinaren aldeko hautua egin dute herritarrek.

FMLNko hautagaia, Hugo Martinez, bigarren tokian eta irabaztetik oso urrun geratu da botoen %13 soilik eskuratuta. Bart zenbaketa amaitu baino lehenago onartu zuen hark porrota, eta iragarri "oposizio gogorra" egingo duela aurrerantzean. Aldiz, pozarren egoteko arrazoirik badu Bukelek, botoen %53 eksuratuta. 2017ra arte Martinezen alderdikidea izan zena zoriondu dute dagoeneko AEBek, eta baita "trantsiziorako laguntza" eskaini ere.

Nuevo Cuscatlan herriko alkatetza izan zen Bukeleren lehen kargu publikoa. Ezkerraren eskutik egin zituen lehen urrats haiek, eta FMLNren izenean lortu zuen San Salvador hiriburuko alkatetza ere. Baina duela bi urte alderditik kanporatu zuten, zuzendaritzarekin izandako eztabaiden ostean. Urte berean, Ideia Berriak mugimendua sortu zuen Bukelek, baina ez zioten hura alderdi bihurtzen utzi, Hauteskunde Legea ez zuela betetzen argudiatuta.

Ondoren, Erdigune Demokratikoa alderdiarekin aurkezten saiatu zen, baina hura ere bertan behera geratu zen bozetara aurkezteko beharrezko 50.000 bozka lortzeko gai izan ez zelako. Hala, GANA Nazio Batasunerako Aliantza Handiaren eskutik lortu du presidentetza.  Bukelek ekainaren 1ean egingo du karguaren zina.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.