Politika

Beste txosten juridiko bat eskatu du Parlamentuko Mahaiak

Euren eskaera aintzat ez hartzekotan, epaitegietara jotzeko asmoa azaldu du Orain Baiko Carlos Cousok.

Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordearen bilera. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2019ko otsailaren 4a
15:00
Entzun

Oraindik ez da argitu zer gertatuko den Ahal Dugu-ko hiru parlamentariekin (Mikel Buil, AInhoa Aznarez eta Tere Saez), eta ondorioz Parlamentuko presidentetzarekin. Aurreko astean aurretik egindako akatsa konpondu asmoz, Orain Baik berriro aurkeztu zuen kaleratzeko eskaera, eta gaur Parlamentuko Mahaiak erabaki du beste eskaera hori berriro aztertzea.

Astelehenero legez, Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea bildu da, eta, bilera amaituta, mahaiak txostena eskatzeko erabakia hartu du. Horren aurrean, Carlos Couso Orain Baiko parlamentariak ohartarazi du azkenean mahaiak euren eskaera atzera botaz gero, auzia "judizializatzeko prest" direla. "Parlamentuko araudia oso argi urratu da".

Aurreko asteetan Cousok azaldu zuen kanporatzeko arrazoiak direla ez dutela bitartekorik euren lana egiteko, taldearen dirua desblokeatu nahi dutela eta Aznarezek karguaren erabilera pertsonala egin duela. Gaur, zuzenean, Aznarezen aurka jo du. Bere esanetan, "UPNko Parlamentuko presidente bati" onartuko ez litzaizkiokeen gauzak onartu dizkiote bazkideek, eta auzi honetan, denbora irabaztea egotzi die Geroa Bairi eta EH Bilduri. Cousoren arabera, euren helburua da Aznarez kargutik kentzea, eta prest daude hiru parlamentariak taldetik botata berriro hartzea, "eurek hala nahi badute".

EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, "surrealista" da hiru parlamentari taldetik bota nahi izatea eta gero berriro hartuko dituztela esatea. "Dena hautsi nahi izatea eta ondoren gehiengo hori josi nahi izatea apur bat zentzugabea da". Araizen arabera, Orain Bai-koek argitu beharko lukete euren benetako arrazoia Aznarez den. "Eman dituzten arrazoiak ez dira nahikoak presidente bat gainetik kentzeko, ondoren beste bat hautatzeko eta ondoren esateko kaleratuak talde barruan hartu nahi dituztela".

Geroa Baiko Koldo Martinezek azaldu du ez dutela begi onez ikusten Orain Bairen eskaera. "Argi dugu lau transfugek aurkeztu zuten eskaera berriak ez duela legelari nagusiak zehaztutako baldintzak betetzen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.