Katalunia

ERCk eta PDeCatek osoko zuzenketa aurkeztuko diete Espainiako aurrekontuei

Sanchezen alde egiteko, Kataluniari buruzko elkarrizketak hasteko baldintza jarri dute bi alderdiek.

Quim Torra Generalitateko presidentea Joan Tarda ERCko eledunarekin, artxiboko argazki batean. /
Quim Torra Generalitateko presidentea Joan Tarda ERCko eledunarekin, artxiboko argazki batean. / Quiue Garcia/EFE

Berria -

2019ko otsailak 10

PDeCATek eta ERCk ez dituzte Espainiako aurrekontu orokorrak babestuko, baldin eta Madrilgo gobernua Kataluniako auziaz hitz egitera esertzen ez bada. Esquerrak bihar bertan aurkeztuko du zuzenketa, argudiatuz Pedro Sanchezen gobernuak ez duela orain arte inolako urratsik egin eskatutakoa betetzeko.

Joan Tardak, alderdiak Espainiako Kongresuan duen eledunak, gogorarazi du bi eskari egin zizkiotela Madrili aurrekontuei baiezkoa ematearen truke: Katalunian erreferendum bat egin ahal izateko elkarrizketak hastea eta errepresioa amaitzea. Dena den, Tardak zehaztu du alderdia prest legokeela zuzenketak bertan behera uzteko, baldin eta Espainiako Gobernuak keinurik egiten badu: "Hilaren 12ra arteko epea du Gobernuak guretzat arrazoizkoak diren eskaerak betetzeko".

Bide beretik jo du PDeCATek ere, eta iragarri du bi aldeak negoziazio mahaian eseri ezean, aurrekontu proposamenaren aurka egingo dutela. "Elkarrizketak hasteko eskaintzarik heltzen ez den bitartean, PDeCATek ez ditu aurrekontu orokorrak onartuko eta osoko zuzenketa aurkeztuko du", zehaztu du alderdiak komunikatu batean, eta Madrilek eskaria ontzat emango duen itxaropena agertu du.