Garraioa

Araudi berrirako oinarriak adostu dituzte taxilariek, IGek eta Jaurlaritzak

Ibilgailu gidaridunak (IG) erabili baino ordubete lehenago kontratatu beharko dira, derrigorrez

Jaurlaritzaren, taxi gidarien eta IGen elkartearen arteko bilera, gaur. IREKIA
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 4a
21:19
Entzun

IG ibilgailu gidaridunen araudi berriaren oinarriak adostu dituzte gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzak, taxi gidarien elkarteak eta IGen elkarteak. Akordioa taxien mahai sektorialaren hurrengo bileran berretsiko da, gero Jaurlaritza testu artikulatua idazten hasteko, gaur adostutako alderdiak aintzat hartuta.

Lau puntu nagusi dauzka akordioak. Batetik zehaztu dute IGen kasuan lizentzia jasotzen duena auto bat dela, ez gidaria; aldiz, taxi gidariek beraiek jasotzen dute lizentzia, pertsona fisikoek. Bestetik, taxi gidarien aspaldiko eskari bi onartu dituzte: IG zerbitzua aurrez kontratatu beharko dela, ordubete lehenago gutxienez, eta IG lizentziadun autoak ezingo direla kaleetan hara-hona ibili bezero bila. Ezingo dute kalean inor jaso gutxienez ordubete lehenago harekin zerbitzua kontratatu ez badu, salbuespenezko kasu batzuetan izan ezik —larrialdietan, istripu mutualiateen kasuan, errepideko laguntza kasuetan, lehendik kontratatutako zerbitzu baten aldaketak egonez gero, eta abar—. Azkenik, IGak lizentzia jasotako autonomia erkidegoan ibili beharko dira normalean, eta handik kanpo joanez gero argi eta garbi adierazi beharko dute aurre-panelean.

Bi zerbitzuren elkarbizitza helburu

Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren zuzendariak "garrantzitsutzat" jo du akordioa, auraudi berriaren gidalerroak ezarri dituztelako. "Konfrontazioaren eta indarraren aurrean, Euskadin, gaur, gauzak egiteko beste modu bat aurkeztu dugu, elkarrizketatik eta adostasunetik abiatuta", adierazi du Janiera Bijueska, bertoko egoera Madrilen eta Bartzelonan taxi gidariek egindako protestekin alderatuz.

Bijueskaren iritziz, gaurko akordioaren ondorioz "ez dute batzuek edo bestek irabazi, baizik eta euskal gizarteak". Akordiori esker, IGen sektorea arautu nahi du Jaurlaritzak, taxienarekin "modu antolatuan bizi ahal izateko". Bijueskak nabarmendu duenez, "bi zerbitzuen izaera desberdina da, Euskadin ibilbide luzekoak biak, eta elkarrekn ozagarri izan daitezkeenak".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.