Ekonomia

Jaurlaritzak atzera bota du DSBEa, funtzionarioak eta itunpeko hezkuntza lotzen dituen lege proposamena

Eusko Legebiltzarreko mahaiak 11:30ean jasotzekoa zuen hiru gaiak sorta berean sartzen dituen lege proposamena, baina azken unean erretiratu egin du exekutiboak, eta hiru legeren bidez tramitatuko dira gaiak.

Azpiazu Ogasun sailburua eta Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea. ADRIAN RUIZ / EFE
xabier martin
2019ko otsailaren 5a
17:56
Entzun

Azkenean, banan-banan bozkatuko dira Eusko Legebiltzarrean DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren igoera, funtzionarioen soldataren igoera eta itunpeko hezkuntzak jasoko duen diru laguntza berria. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek behin eta berriro eskatu diote Eusko Jaurlaritzari hiru gai horiek batera jaso eta batera bozkatzera behartzen zituen lege proposamena aldatzeko. Eta ganberaren txosten juridikoak exekutiboaren ekimenaren legezkotasuna babestu duen arren, Jaurlaritzak atzera egitea erabaki du Legebiltzarreko Mahaiak aztertu aurretik.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, hiru neurriak aurrera ez ateratzeko "arriskuak" eraman du gobernua atzera egitera. Izan ere, oposizioak eskatu zion neurriak banan-banan aurkezteko, gai desberdinak zirelako eta bakoitzari buruzko iritzi desberdinak zituztelako. PPk, esaterako, argi utzi zion prest zegoela itunpeko ikastetxeen finantzaketa hobetzeko, baina ez, ordea, DSBEa Jaurlaritzak proposatzen zuen neurrian igotzeko. Elkarrekin Podemosek, berriz, itunpekoen finantzaketarekin zuen arazo gehien. 

"Garrantzitsuena da neurriek aurrera egitea", esan du gobernuaren bileraren osteko prentsaurrekoan, eta haserre azaldu da oposizioarekin, "prozedurak aitzakia gisa jartzeagatik" neurriak ez onartzeko. Azpiazuk espero du neurriak "otsail honetan" indarrean jartzeko nahiko babes lortuko duela orain.  

Horiek horrela, DSBEa igotzeko Lakuak egindako proposamena da %3,5ekoa, eta babes laguntza hori jasotzen duten pentsiodunen kasuan, %4,5ekoa. Funtzionarioentzat %2,25eko soldata igoera proposatzen du Jaurlaritzak; eta itunpeko hezkuntzak jasoko duen ekarpen publiko berria 250 milioi eurokoa izatea nahi du. Hiru gaiak banan-banan bozkatuko dituzte legebiltzarkideek, eta, beraz, aukera izango dute baten edo batzuen alde eta besteen aurka bozkatzeko.

DSBEaren negoziazioak

Iazko udaberrian, DSBEaren erreforma negoziatzen aritu ziren Jaurlaritza eta EH Bildu, baina ez zituzten gerturatu jarrerak. EAJ eta PSE iritsi ziren beren proposamena legebiltzarrean aurkeztera, baina atzera bota zuten, ikusita ez zuela beste inoren babesa jasoko. «Oposizioak eskatuta» egin zutela argudiatu zuten jeltzaleek eta sozialistek; «behartuta» egin zutela erantzun zion oposizioak.

Oraingo proposamenean, hilean 667 eurokoa litzateke DSBEa pertsona bakarreko bizikidetza unitateetan; 857 eurokoa bi kideko unitateetan; eta 948 eurokoa hiru kide edo gehiagokoetan. DSBEa jasotzeko eskubidea duten pentsiodunen kasuan, berriz, kide bakarreko unitateetan hilean 765 eurokoa litzateke; bi kideko unitateetan, 956,67koa; eta hiru kide edo gehiagokoetan, 1.033koa.

Pentsiodunen kasuan, aurtengo aurrekontuen negoziazioan DSBEaren bidez 2019an gutxieneko pentsioa hilean 858 eurora igotzeko eskatu zuen EH Bilduk, baina EAJk eskaini zion hilean 783ra igotzea 2019an —egungoa baino 50 euro gehiago—, 830era 2020an, eta 856ra 2021ean. Ezerezean geratu ziren negoziazioak.

Funtzionarioak

Erretiratu berri duten lege proposamenaren beste puntu bat da Eusko Jaurlaritzaren menpeko funtzionarioen soldatena: %2,25 igotzea proposatu du Jaurlaritzak, aurtengo aurrekontu egitasmoan jasota zegoen moduan. Hori horrela, iazko aurrekontuetan baino ia 200 milioi euro gehiago jarriko lituzke gobernuak horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.