Aberri Eguna

Independentistak sareak aurten ez du antolatuko Aberri Eguneko ekitaldirik

Indar politikoen lehentasun elektoralengatik, ez du baldintzarik ikusi ekitaldi bateraturik egiteko. "Aberri Eguna 'alderdien eguna' bihurtuko dela berriro". Prentsaurrekoa egin du Bilbon.

Independentista sareak iazko apirilaren 1ean Iruñean egindako Aberri Eguneko mobilizazioa.
Independentista sareak iazko apirilaren 1ean Iruñean egindako Aberri Eguneko mobilizazioa. Iñigo Uriz/Foku

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 5

Independentistak sareak aurten ez du deituko Aberri Eguneko ekitaldira, ez duelako lortu, joan den urrian proposatu bezala, "Aberri Egun bateratua" antolatzerik. Haren esanetan, aurtengo eguna —apirilak 21— Hego Euskal Herriko maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen kanpainaren hasieraren atarian izango dela eta, EAJk eta EH Bilduk euren ekitaldiak egingo dituzte orduan, eta, hortaz, uste du ez dela garairik aproposena izango berak deitzeko Aberri Eguneko ekitaldira. Hala jakinarazi du gaur Bilbon egindako prentsaurreko batean. 

2010eko otsailaren 27an sortu zuten Independentistak sarea, eta, geroztik, bederatzi Aberri Egun antolatu ditu, jarraian. Espero du aurtengoa "parentesi bat" izatea eta datorren urtean antolatzea.

Iazko urriaren 14an, Irañetako (Nafarroa) bordan egindako ekitaldian, Euskal Herriaren etorkizuna "erabakitzeko eskubidean eta demokrazian oinarrituta eraikitzearen alde dauden eragile politiko eta sozial guztiek bultzatutako Aberri Egun bateratua" antolatzea proposatu zuen. Esan du ahalegindu dela bideratzen, baina "kudeaketak ez du izan behar adinako erantzunik". Ondorioz, ez du ikusi "baldintzarik" Aberri Egun bateratua antolatzeko, argudiotzat jarriz Hegoaldeko udal eta foru hauteskundeak. "Badakigu [sarearen] erabakiaren ondorioa alderdi politiko bakoitzak bere Aberri Eguna antolatzea izango dela. Aberri Eguna 'alderdien eguna' bihurtuko dela berriro".

"Iraganeko inertziari jarraitu eta sareak berriro Aberri Eguna antolatzea luzamendu antzuetan ibiltzea besterik ez da", adierazi dute, Bilbon. "Hauteskunde garaiaren erdian ez dago gure mezua gizarteratzeko aukerarik alderdien arteko lehia eta konfrontazioaren eraginak distortsionatu edo kutsatu gabe. Are gehiago, gure planteamendu bateratzailea aurrera begira 'erre' besterik ez litzateke egingo maila handi baten". Beraz, "gaia ondo aztertu" ondoren, aurten Independentistak sareak Aberri Eguneko deialdirik ez egitea erabaki du, eta ez du antolatuko manifestaziorik, ez bestelako ekitaldirik.

Urte hauetan guztietan "alderdi eta familia politiko zehatzetatik harago, sentsibilitate desberdinetako herritarrak elkarrekin ospatzeko" Aberri Eguna antolatzen saiatu dela dio sareak. "Norabide horretan eta antolatu ditugun guztiak oso arrakastatsuak izan dira, baina ez dugu lortu orain hamar urte mahai gainean jarri genuen erronka: Aberri Egun bateratua". Haren arabera, "jende askok" ezker independentistaren Aberri Egunarekin identifikatu du sareak deitutakoa.

Maite Aristegik eta Txutxi Ariznabarretak eman dute prentsaurrekoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna