Hezkuntza

Seaskak "borrokaz eta ametsez" betetako 50 urte bete dituela ospatuko du

Egun, 36 ikastetxe ditu; lehen hezkuntzako ikasleen %10 hartzen ditu.

Seaskako ikasle eta irakasleen martxa bat, rakasle gehiago eskatzeko. BOB EDME
arantxa iraola
2019ko otsailaren 5a
07:25
Entzun

Agerraldia egin dute gaur goizean Seaskako arduradunek 50. urtemugaren harira antolatu dituzten ekitaldiak iragartzeko. Gogora ekarri dute 1969an ikastolen sareak lehen urratsak egin zituela, eta bidean "oztopo" asko izan badira ere errealitate sendoa dutela egun. "Orain dela hamar urte, ikasleen %5 eskolatzen genituen. Gaur egun, %10, eta hamar urteren buruan %20era hurbilduko gara". 36 zentro kudeatzen dituzte gaur egun, 430 profesional ari dira sarean, eta 3.500 ikasletik gora dituzte. Aparteko hitzak izan dituzte aitzindari izan zirenentzat; Argitxu Noblia, Libe Goñi, Laxaro Arandia, Mikel Muñoa, Jokin Etxeberria Iker Gallastegi, Arrosa eta Ramuntxo Camblong, Marcelline eta Manex Pagola, Jean Etxemendi, Mikela eta Beñat Gimenez, Maite Zabala eta Maialen Iturbide aipatu dituzte, besteak beste. Bide urratzaileak. "Ondoko urteetako historia denok ezagutzen dugu. Ikastolak eta ikasle kopurua etengabe handituz joan dira".

Eta urtemuga hauspo izatea nahi dute, hazten jarraitzeko, eta zentroen eta gizartearen arteko "lokarri sozial" izaten jarraitzeko. "Urtean zehar hainbat gertakari berezi antolatuko dira, eta eskaintza kultural zabala proposatuko dugu publiko desberdinak hunkitzeko". Izan ere, uste dute ezen ikastolek, haurrak euskaraz hazteaz gain, Ipar Euskal Herriko kultura "inarrosten" dutela, eta horretan ere erreferente izan nahi dute.

Igande honetan hasiko dira urtemugaren harira egingo diren ekitaldiak. Hain justu, Senperen, Bectso Saioa ekitaldia egingo dute. Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak izanen dira bertan: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñƒat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Ekitaldi sortaren amaiera Iparraldeko ikastolen urterko festa handiarekin izango da, maiatzaren 12an, Herri Urratsen. Tartean, aintzat hartzeko beste bi data. Otsailaren 14an, Hendaiako Anton Abadia aretoan, Goazen! telesailaren azken atala ikusi ahal izango da. Otsailaren 16an, Miarritzen, kontztertu batean ariko dira Txakatu, Diabolo Kiwi, Xiberoots, Willis Drummond eta Berri Txarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.