Nafarroa

Aierdi: "Erabaki zaila hartu genuen; informazio nahikoa genuen"

Davalor Salud enpresari Sodena sozietate publikoak 2015eko urrian mailegatutako milioi euroa auzitan jarri du UPNk, eta Aierdik esan du mailegua eman zutela "garaiz" eta proiektuan sinesten zutelako.

Manu Aierdi Nafarroako Garapan Ekonomikoko lehendakariordea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2019ko otsailaren 5a
14:14
Entzun

UPN Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko lehendakariorde ekonomikoa kinka zailean uzten saiatu da. Sodenari buruzko ikerketa batzordean, 2015eko urrian Sodena arrisku kapitaleko sozietate publikoak milioi bat euro maileguan eman zizkion Davalor Saludi, eta, gerora, enpresa horrek hartzekodunen konkurtsoan amaitu du. UPNk Sodenaren txosten teknikoak aintzat hartu gabe, milioi hori ahalbidetzea leporatu dio Aierdiri.

2015eko udan gobernua aldatu zen. Aierdiren arabera, "lehen minututik" argi izan zuten finantza egoera zailean zela Davalor. Sodenak start up eta egoera zailetan diren enpresak finantzatu eta lagundu ohi ditu. Aierdiren arabera, Davalorren moduko proiektu gutxi daude Nafarroan, eta egoera zaila izanagatik, denbora irabazi eta inbertitzaileak bilatuz gero, potentzialitatea zuen: "Zailtasunetan den enpresa baten aurrean, Sodenak zuhurtzia osoz jokatu nahi badu eta jarritako dirua berreskuratuko duen segurtasun osoa izan nahi badu, sekula ez du euro bat ere jarriko". Alegia, arrisku kapitaleko elkarte orok du bere izatean arrisku portzentaje bat.

Alta, ikerketa batzordean, erabakia bere kabuz hartu nahi izatea aurpegiratu nahi izan dio Juan Luis Sanchez de Muniain UPNko parlamentariak Aierdiri. Sodenak berak egindako txosten teknikoak bere ondorioetan aipatzen zituen finantza arriskuak. Aierdiren arabera, txostenak 39 orrialde ditu, eta lan horrek proiektuaren "argi-ilunak" aipatzen ditu, negozioak aukerak badituela ere azalduz. Sanchez de Muniainek iradokitakoaren aurka, mailegua emateko erabakiaren eta txostenaren artean ez dago "hainbesteko alderik".

Bazkarian esandakoa

Ikerketa batzordean, Juan Jose Marcosek, Davalor Salud-eko proiektuan finantza bazkideak bilatzeko zeregina zuen arduradunak, aipatu zuen 2015eko irailean bazkari bat egin zuela Aierdirekin eta bertan hark promes egin ziola milioi bateko mailegua proposatuko ziola Nafarroako Gobernuaren kontseiluari eta Sodenako admimistrazio kontseiluari. Aierdik ez zuen gogoan bazkari hori eta bertan esandakoa. "Benetan diot ez dudala gogoan".

Dena den, Marcosen testigantza hala balitz ere, gogora ekarri dio Aierdik promesa bat baino ez zela eta erabakia bera Sodenako administrazio kontseiluko lau kideek hartu zutela, "aho batez". Gogoan hartu du kontseilariek formakuntza nahikoa dutela eta haien erantzukizuna dela esku artean duten informazioarekin erabakiak hartzea.

Aierdik azpimarratu du Sodenaren administrazio kontseiluaren erantzukizuna dela txosten teknikoak aintzat hartzea, baina beste aldagai batzuk ere kontuan hartzea erabakitzeko orduan. "Erabateko ziurtasuna bagenu txosten teknikoek beti asmatzen dutela, bide horri jarraitzea besterik ez genuke, eta ez genuke administrazio kontseilurik ere beharko", azpimarratu du.

Sanchez de Muniainek erabakiaren erantzukizuna ere galdegin dio, eta gogoeta hau egin du Aierdik: "Erabaki ororen erantzule sentitzen naiz, baita txosten teknikoei jarraituz hartutako erabakiak gaizki atera direnean ere".

Davalor Salud enpresa osasun arloko enpresa bat da. 2011n sortu zen, eta Taxoaren du egoitza. Ikusmeneko hainbat parametro neurtzeko makina konplexu bat garatu du. Bere teknologia hornitzaileen artean zeuden Tekniker eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa. Biek nabarmentzen zuten teknologikoki proiektu interesgarria zela, baina arriskuak zituela "ezohiko finantza beharrak" zituelako. Proiektuak porrot egin zuen 15-17 milioi euro lortzeko gai izan ez zelakio. Hartzekodunen artean daude Telefonica eta Microsoft.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.