Enpresak

Cikautxok 600 langile kontratatuko ditu, EIBren mailegu bati esker

Ibilgailuetan osagai ez hain kutsakorrak erabiltzeko ikerketan inbertituko du.

Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 5a
13:44
Entzun

Europako Inbertsio Bankuak 26 milioiren mailegua eman dio Cikautxori. Gaur sinatu dute Iñigo Laskurain enpresako zuzendari nagusiak eta Emma Navarro EIBko lehendakariordeak.

Mailegu horri esker, Mondragon taldeko kooperatibak produktu berrietan inbertsioak egin ahal izango ditu. Inbertsio horrek ekarriko du hurrengo lau urteotan enpresak 600 langile kontratatzea. Inbertsioak ikerketa eta garapen arloan egingo dituzte, eta egoitza nagusian egingo dituzte, Berriatuan (Bizkaia).

Autogintzan erabiltzen diren kautxozko eta plastikozko osagaiak egiten ditu Cikautxok. Inbertsioaren bitartez, material berriak eta birkziklagarriak garatu nahi ditu kooperatibak, eta osagaien pisua gutxitu, autoei pisua kendu eta erregaian aurreztu ahal izateko. Autogintzan ez ezik, medikuntzarako makinetan edo etxetresnetan ere erabiliko diren materialak bilatuko ditu.

Cikautxok 2.822 langile ditu gaur egun, eta 268 milioi euroren salmentak egin zituen iaz. Berriatuko lantegi nagusiaz gain, beste zazpi fabrika ere baditu, ondoko herrialdeetan: Espainia, Txekiar Errepublika, Eslovakia, Errumania, Mexiko, India eta Txina. AEBetan bulego komertziala du.

Joan den astean EIBk 26 milioi euroko beste mailegu bat eman zion Mondragon taldeko beste kooperatiba bati, Oñatiko Ulmari. Horri esker 300 lanpostu sortu ahal izango dituzte, Espainiako eta Poloniako lantegietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.