Epaiketa, Parisen

Bost urteko zigorra jarri diote Plari, eta zazpikoa Sorzabali

Fiskaltzak sei urtekoa eskatu zuen Plarentzat, eta bederatzikoa Sorzabalentzat. FIJAIT fitxategian sartuko dituzte biak. 2015eko irailean atxilotu zituzten, eta helegiterik ez balitz, "aurki" atera daiteke Pla, defentsako abokatuaren esanetan.

Sorzabali eta Plari babesa ematera Parisko Auzitegi Korrekzionalera joandako herritar taldea.
Sorzabali eta Plari babesa ematera Parisko Auzitegi Korrekzionalera joandako herritar taldea. Ekhi Erremundegi/@EkhiErremundegi

Berria -

2019ko otsailak 5

Parisko epaileak zazpi urteko zigorra jarri dio Iratxe Sorzabali, eta bost urtekoa David Plari. Gaur egin dute auzitegi korrekzionalean epaiketako bigarren saioa, eta amaieran eman du erabakiaren berri epaileak. Sei eta bederatzi urteko zigorrak eskatu zituen fiskaltzak etakide ohien aurka, baina apalagoak izan dira azkenean. Horrekin batera, Plak preso segitzea erabaki du epaileak. FIJAIT txostenean sartuko dute, baina ez du Frantziako lurraldean egoteko debekurik. Defentsako abokatuaren esanetan, "aurki" atera daiteke, prokuradoreak helegiterik jartzen ez badu —hamar eguneko epea du—. Sorzabal ere FIJAIT txostenean sartuko dute eta Frantziako lurraldean egoteko debekua ezarri diote.

Epaiketaren amaieran hitz egin du Xantiana Cachenaut defentsako abokatuak. Baikor agertu da hedabideen aurrean, epaitegiak testuingurua aintzat hartu duela iritzita.

Fiskalak hartu du hitza gaur. Akusatuek defendatu dutenaren kontra egin du fiskalak: bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu du Sorzabalentzat, eta sei urtekoa Plarentzat.

Fiskalari erantzuna

Atzo, Sorzabalek eta Plak adierazi zuten Frantziarekin eta Espainiarekin elkarrizketak abiatzen saiatu zirela, bake prozesu bat martxan jartzeko, eta jardun horretan zeudela 2015eko irailean Baigorrin (Nafarroa Beherea) atxilotu zituztenean. Fiskalak garrantzia ukatu die Sorzabalen eta Plaren hitzei, eta nabarmendu du akusatuak ez direla bakearen aldeko ekintzaileak, "terroristak" baizik.

Gaurko adierazpenetan, Plak eta Sorzabalek erantzun dute. Pla: "Aipatu nahiko nuke prokuradoreak egin duen zehaztapena, aditzera emanez 2010-2015 artean ETA atentatuak egiteko prest zela". Egoerak kontrakoa erakutsi duela azpimarratu du: 2010etik egindako saiakera guziak aipatu ditu, eta deitoratu ez dela posible izan bi aldeko elkarrizketarik bake prozesu bat abiatzeko. "Ez da prozesu konbentzionala izan". 

Sorzabalek bat egin du Plak errandakoarekin: "Edozein konponbide prozesuk iraun dezan, aktore guzien parte hartzea ezinbestekoa da, justiziarena ere". Oier Gomez Mielgoren heriotza ere ekarri du gogora: "Badira larriki eri diren beste batzuk ere preso. Presorik gabeko egoera bat behar da. Iragana ezin da aldatu baina etorkizuna erabaki dezakegu".

Aurrez, fiskalak nabarmendu du Espainian, Francoren diktadura amaitu eta Trantsizioa hasi zenean, ETAk izaera aldatu zuela. "Oinarrian antifaxista zen taldeak, frankismoa bukatzean aurpegiz aldatu zuen, demokrazia utzi zuen, etra terrorismo hutsera pasa zen. Antifrankismotik paramilitarismora pasa zen".

Poliziak Sorzabal eta Pla atxilotu zituenean, ETAk oraindik erasorako gaitasuna zuela nabarmendu du. "Zein zen 2015ean ETAren egoera? Jarduera armatuaren bukaera onartuta ere, ez zen armagabetua eta bere ekintza gaitasuna atxikitzen zuen. 2011tik 2015era 30 bat kide atxilotuak, denek armak eta batzuek lehrgaiak ere bazituzten".

Horrez gain, bi akusatuek atxiloketaren unean armak, dokumentu faltsuak eta "diru kopuru handia" zituztela ere ohartarazi du. "Prest ziren behar izanez gero tiro egiteko".

Fiskalak ukatu egin du ETAren amaiera bake prozesu baten testuinguruan gertatu denik. Haren iritziz, poliziak gailendu du talde armatua, "lider ezberdinen atxiloketarekin".

Xantiana Cachenaut abokatuak eman ditu defrentsaren argumentuak. ETAren ordezkaritza bat, Espainiako Gobernuaren eskariz, Norvegiara joan zela ekarri du gogora, eta urtebete baino gehiago egin zuela bertan Norvegiako Gobernuaren baimenarekin. "Norvegian 15 hilabete pasa ahal izan bazituzten, ETAko kide gisa, Espainiak eskatuta eta Frantzia jakitun, ez zen eragile hoiek ETArengadik errendizio bat espero zutelako".

Bestalde, nabarmendu du nahitaezkoa dela talde armatuaren eta gobernuen arteko elkarrizketa, gatazka konpondu ahal izateko. "Elkarrizketa ezinbestekoa da erakundea eta gobernuen artean, helburua ez delarik errendizioa, konponbidea baizik. Elementu basikoa da".

Epaiketaren zuzeneko kontakizuna egin du Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetarial:

Pla eta Sorzabal hasieran kriminal arlotik epaitzekoak ziren, baina, defentsak eskatuta, korrekzionaletik juzgatu dituzte, eta hala, gehienez ere, hamarna urteko espetxe zigorra ezarri ahal zieten. Fiskaltza alde zela, Parisko epaileak ebatzi zuen ez dagoela arrazoirik kriminaletik jotzeko. Gaizkile taldeko kide izatea eta armak edukitzea egotzi zieten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna