Euskara

'Argia'-ko kazetari bat salatu dute ertzainak "iraintzea" egotzita

Euskaraz egiteko eskatu zien gazte batek ertzainei, Donostian, eta 600 euroko isuna jarri diote haien "lana oztopatzeagatik", mozal legea oinarri hartuta. Argia-ko kazetari batek eman zuen gertakariaren berri, eta horregatik leporatzen diote ertzainak "iraintzea".

Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik Ertzaintzak gazte bat identifikatu zuen unea.
Euskaraz hitz egiteko eskatzeagatik Ertzaintzak gazte bat identifikatu zuen unea. Irutxuloko Hitza

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 5

600 euroko isun bat jarri zioten aurrena gazte bati, ertzainei euskaraz aritzeko eskubidea exijitzeagatik haien "lana oztopatzea" leporatuta. Gaur Argia-k jakinarazi duenez, gainera, Lander Arbelaitz kazetaria ere salatu dute ertzainak "iraintzeagatik". Martxoaren 20an deklaratu beharko du Donostiako 2. instrukzio auzitegian.

Maiatzaren 21eko agerraldi batean du jatorria guztiak: Bizitza Da Handiena dinamikaren barruan egin asmo zuten Ernaiko kideek, Gipuzkoako diputazioaren aurrean, turistifikazioa salatzeko.

Ernaik salatu zuenez, Ertzaintzak identifikazioa eskatu zion gazte bati, erdaraz. Hark, euskaraz eskatuz gero emango ziela erantzun zien. Eztabaida baten ondotik, hala egin zuen: euskaraz identifikatzeko eskatzean, nortasun agiria eman zien gazteak, Irutxuloko Hitza-ren bideo honetan ikus daitekeenez:

Identifikazio haren ondorioz iritsi zitzaion 600 euroko isuna gazteari. Aurrez, Behatokiak kasua salatu zuen, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak barkamena ere eskatu zuen agenteen jarreragatik —Argia-k jakinarazi duenez, salaketa jarri dute bi ertzainek ukatu egin dute barkamena eskatu izana—.

Orain, Argia-ko kazetari Lander Arbelaitzen aurkako salaketa jarri dute bi agentek Donostiako 2. instrukzio auzitegian, gertakari haren berri ematean ertzainak "iraindu" zituela leporatuta. Martxoaren 20an deklaratu beharko du kazetariak auzitegian.

Argia-k nabarmendu du hizkuntz eskubideen inguruko gatazka duela jatorrian horrek guztiak, zabaldutako bideoetan ikus daitekeenez: "Ertzainek haien aurkako irainak aipatzen dituzte, baina une horretan kazetariak begi aurrean zuen egoeraren interpretazioa besterik ez da. Hizkuntza gatazka baten ondorio dela identifikazioa interpretatzea guztiz zentzuduna da, eta bideoa da horren froga nagusia".

Bihar agerraldi bat egingo dute Ernaik eta EHEk.

Bizitza Da Handiena dinamikaren barruan egindako protesten ondorioz, kide gehiago ere salatu zituzten —bi atxiloketa ere izan ziren aste hartan—. Irailean jakinarazi zutenez, auzi bat irekita dago gutxienez auzitegietan.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna