ESKUBIDEAK

Manifestazio eskubidea mugatzeko lehen urratsa egin du Frantziako Asanbleak

Lege egitasmo bat onartu du, gobernuaren ustez istiluak sor ditzaketen herritarrei manifestazioetara joatea debekatzeko.

Ipar Euskal Herriko manifestazioetan aurpegia estaltzea delitu izango da legea onartzean.
Ipar Euskal Herriko manifestazioetan aurpegia estaltzea delitu izango da legea onartzean. ETIENNE LAURENT / EFE

Jon O. Urain -

2019ko otsailak 5

Bazter-nahasleen aurkako legea izenez ezagun da Frantzian gaur onartutako legea, eta polemika artean eman du Frantziako Asanbleak lege proposamena onartzeko lehen pausoa. Izan ere, manifestazio eskubidea murrizten duten hainbat neurri jaso dituzte testuan; nagusiki, pertsona zehatz batzuei debekatu ahal izango diete manifestazioetara joatea. Prefetak ezarri ahal izango die debeku hori “ordena publikorako aparteko larritasunezko mehatxua” diren herritarrei.

Horretarako, irizpide “objektiboak” ezartzea onartu zuen Frantziako Asanbleak urtarrilaren 30ean: aurrez “pertsonen osotasun fisikoaren aurkako eraso larriak nahiz ondasunei kalte esanguratsuak” egin dituztenei ezarri ahal izango diete debekua. Zigorra sei hilabeteko espetxe zigorra eta 7.500 euroko isuna izango da.

Bete dadin, prefetak aukera izango du pertsona zehatzei prefekturara joanarazteko, horrela bermatzeko ez dozela mobilizazioetara. Debeku hori, ordea, luzatu egin daiteke: prefetak herritar bati galaraz diezaioke Frantziako Estatu osoan parte hartzea ezein manifestaziotan hilabeteko epean. Debekua jasotzen dutenek helegitea aurkeztu ahal izango dute administrazio justizian.

Beste neurri polemiko bat ere jaso dute arauan: manifestazioetan aurpegia estaltzea delitu izango da aurrerantzean, eta 15.000 eurokoa izango da zigorra. Oraingoz ez da delitu, eta 1.500 euroko isuna jartzen diete aurpegia estalita zeramatenei.

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdian bertan arrakalak sortu ditu lege egitasmoak, baina arazorik gainditu du asanblearen tramitea: 387 diputatuk bozkatu dute alde, eta 92k aurka. Orain, Senatura igorriko dute testua, bertan azter dezaten martxoaren 12an. Hilabeteak igaroko dira testua behin betiko onartu aurretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna