Berri Txarrak

Ordu eta erdian agortu dira 'Beude' kontzertu sortarako sarrerak

Beude izeneko kontzertu sorta emango du Berri Txarrak taldeak: hamabi saio iragarri dituzte, beste hainbeste lekutan. Gaur jarri dituzte salgai sarrerak tokian tokiko txarteldegietan, 17:00etan, eta ilarak eratu ditu jendeak, goizean goizetik.

2019ko otsailaren 5a
07:11
Entzun

17:00etatik aurrera ziren txarteldegiak irekitzekoak, baina goizean goizetik hurbildu da jendea. Beste behin, zale ugari mugiaraztea lortu du Berri Txarrak taldeak. Atzo iragarri zuen areto txiki eta gaztetxeetako Beude kontzertu sorta. Otsailaren 15ean hasiko dira Gernikako (Bizkaia) Astran, eta apirilaren 4an amaituko dute, Hazparneko (Lapurdi) Ttattolan. Tartean, beste hamar kontzertu ere emango dituzte; besteak beste, Bilbon eta Gasteizen.

Gaur, tokian tokiko txarteldegietan jarri dituzte sarrerak salgai. Ilarak sortu dira leku guztietan, eta ordu eta erdian agortu dira guztiak. Horra egunak utzitako irudi batzuk.

-Gernikako (Bizkaia) Astra. 13:00ak alderako, jendea zain zegoen Astra kanpoaldean.

-Bilboko Kafe Antzokia. San Bizente plazatik Uribitarteraino luzatu dira ilarak. Bi kontzertu emango dituzte han —otsailaren 19an eta 20an—. 19:00etarako agortuta zeuden sarrera guztiak.

 -Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunea. Ehundik 14:00etarako, ehundik gora lagun zeuden ilaran, Urola Kostako Hitzak kontatu duenez; plazako farmaziatik gora iristen zen lagun multzoa. 9:30erako joan denik ere izan da: "Gauean ikusi nuen jendea sarrerak lortzeko gaupasa egiten ari zela batean eta bestean, eta lehenago etorri naiz”. Argazkia: Ihintza Elustondo.

-Ibarrako (Gipuzkoa) gaztetxea. Gaztetxetik kultur etxeraino luzatu da jendetza Ibarran, Tolosako Atariaren arabera. Kontatu dutenez, 11:00etarako hasi da jendea hurbiltzen, eta 17:00etan txarteldegia ireki dutenean, "ti-ta batean amaitu dira" denak.

Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

-Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokia. Eugenio Trigueros eta Begoña Aranburu izan dira ilaran jartzen lehenak. Han zeuden 9:30erako, alabari sarrerak lortzeko, eta Anboto agerkariari esan diotenez, hura lanetik atera arte bertan egoteko asmoa zuten.

Argazkia: Anboto.

-Ondarroako (Bizkaia) Bekozini. Lea-Artibaiko eta Mutrikuko Hitzak kontatu du Ondarroako egoera. Han ere, jendea zebilen 9:00etarako. 13:00ak orduko, esaterako, 80 pertsona inguru zeuden (batzuk etxetik ekarritako aulki eta guzti).

Argazkia: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza.

-Gasteizko Jimmy Jazz. Gasteizen ere jende dezente izan da sarrerak erosten, Jimmy Jazz aretoaren kanpoaldean. Denak ez dira behar bezala ibili, antza, lekuko batek kontatu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.