'Brexit'-a

Irlandan muga gogorra eragozteko konpromisoa berretsi du Mayk Belfasten

Komunen Ganberak Erresuma Batuko lehen ministroari eskatu zion backstop-a "beste adostasun batekin" ordezkatzeko, eta Ipar Irlandara egindako bisitan, hura "aldatzen" saiatuko dela esan du Mayk.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Belfasten.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, gaur, Belfasten. Aidan Crawley/EFE.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 5

Konpromisoa berretsi du, baina ziurtasunik ez dauka Theresa Mayk. Ipar Irlandara egindako bisitan, Erresuma Batuko lehen ministroak esan du Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga gogorra eragozten saiatuko dela. Komunen Ganberak eskatu zion backstop-a —muga gogorra eragozteko hitzarmena— "beste adostasun batekin" ordezkatzeko, eta hala egiten saiatuko dela jakinarazi du Mayk, Belfasten: "Bideraezina da orain". Hitzarmen hori "aldatzeaz" aritu da, muga gogorraren alternatiba modura.

Irlandako Errepublikak eta Europako Batasunak ezezkoa erantzun zioten hitzarmen hura berriz negoziatzeari, baina zehaztasun batzuk aldatuta, "babes handia" lortzeko esperantza agertu du Mayk. Ipar Irlandara egindako bidaian berretsi du muga gogorra eragozteko konpromisoa, eta konpromiso "irmoa" dela adierazi du. Ildo horretan, "1998ko bake akordioak babesteko" ahalegina egingo duela adierazi du. "Ez ditut Ipar Irlandako hiritarrak konbentzitu nahi etorkizunerako halako aseguru polizarik ez duen akordio bat onar dezan".

Backstop hitzarmenean Mayk aldatu asmo duen neurri baten berri ere eman du BBC kateak: lehen ministroak Barne ministroari eskatu dio berrikus dezala akordioa, brexit-ak Ipar Irlandan bizi diren Irlandako Errepublikako hiritarrei ekar diezazkieken "familia eragozpenak" saihesteko.

Datozen asteetarako, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako gobernuburuarekin lankidetzan aritzeko asmoa agertu du Mayk, hitzarmen berri bat negoziatzen saiatzeko.

Ostegunean, Bruselara

Londresek brexit-aren prozesua geratzen ez badu behintzat, Erresuma Batua EBtik aterako da martxoaren 29an, akordioren bat egon ala ez. Ostegunean, Bruselara joango da Erresuma Batuko lehen ministroa, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearekin biltzeko.