AEB-ak

Migrazioaren aurka egin du Trumpek estatuaren egoerari buruzko hitzaldian

Bere agintaldian hartutako erabakiak goraipatu eta Txinarekiko harreman ekonomikoa eten izana defendatu du estatuaren egoerari buruzko hitzaldian.

Donald Trump, agerraldia amaitu berritan, Ordezkarien Ganberan. DOUG MILLS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 6a
13:15
Entzun

Oposizioa nagusi den Ordezkarien Ganberan hitz egin behar izateak ez dio atzera eginarazi Donald Trumpi. Demokraten kritikei aurre eginez, berak hartutako erabakiak goretsi ditu bart estatuburuak, besteak beste, esanez beragatik ez balitz Ipar Korearekin gerran leudekeela AEBak. Horrez gain, Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik atera izana "erabaki ona" izan dela berretsi du Trumpek, argudiatuz horrek ahalbidetuko duela bestelako akordio bat hitzartzea Errusiarekin, "eta agian baita Txinarekin ere".

Trumpek oposizioari ere eskua luzatu dio, baina bere erara. Batasunerako deia egin die Demokratei, ahaztu gabe orain haien kontrolpean dagoela Ordezkarien Ganbera, eta eskatu die bazter ditzatela "mendeku politikak" eta bultza dezatela elkarlana. Asmo horrekin, azpiegitura berrietarako eta GIBaren aurkako legeak aipatu ditu buruzagi errepublikanoak, baina baita beste neurri batzuk ere, esaterako, Demokraten kritikak eragin izan dituen Mexikoko hesia.

Berezkoa duen estiloan, paperik gabeko migratzaile batek hildako bikote baten senideak gonbidatu zituen hitzaldira, eta ohartarazi "amerikar gehiago" hilko direla "muga arriskutsua" kontrolatu ezean. "Iraganean, areto honetako jende gehiena hesi bat eraikitzearen alde zegoen. Baina inoiz ez zen eraiki hesi egokia. Nik egingo dut hori".

Bide batez, bere aurkako kritikak ere gaitzetsi ditu estatuburuak, nabarmenduz lortutako "mirari ekonomikoa" kolokan dagoela, "gerra txoroen" eta "alderdikeriazko ikerketa irrigarrien" erruz. Hala, amaitutzat eman ditu Txinarekiko "urteetako merkataritza politika negargarriak" eta babesa berretsi dio Venezuelako "behin-behineko presidenteari".

Ekonomia eta migrazioa

Txalo artean hartu dituzte demokratek Trumpek Venezuelari buruz esandakoak, baina ez goraldi ekonomikoari buruzkoak. Stacey Adams demokratak erantzun dio Trumpi esanez ez dagoela goraldirik, eta enpresa asko ixtear daudela. Baina, aldi berean, estatuburuak egindako elkarlanerako deiari eutsi dio Adamsek, eta nabarmendu ez dela haren nahia buruzagi errepublikanoak porrot egitea.

Mexikorekiko hesiaz, berriz, Adamsek ohartarazi dio Trumpi ez dela gauza bera mugak zabaltzea eta "mugarekiko ikuspegi errukiorra" izatea: "Ronald Reaganek ulertu zuen, eta baita [Barack] Obamak ere. Estatubatuarrek ulertu dute. AEBak indartsuagoak dira migratzaileekin, hesiekin baino".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.