Katalunia

Kataluniako alderdiekiko elkarrizketetarako kontalari bat izendatzea aztertzen ari da Espainia

Carmen Calvo presidenteordeak zehaztu du ez litzatekeela bitartekari bat izango, elkarrizketak koordinatzeaz arduratuko litzatekeen norbait baizik.

Carmen Calvo, Espainiako Gobernuko presidenteordea. EMILIO NARANJO, EFE
2019ko otsailaren 6a
14:57
Entzun

ERCk eta PDeCATek Espainiako aurrekontuei osoko zuzenketak aurkeztu eta gutxira egin du proposamena Madrilek. Pedro Sanchezen gobernuak nabarmendu du alderdi subiranisten ultimatumak —Kataluniako auziari buruzko elkarrizketak hasi ezean, osoko zuzenketei eutsiko dietela iragarri dute— ez duela zerikusirik Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiekin osatu asmo duten elkarrizketa mahairako kontalari bat izendatzeko aukerarekin.

Kataluniako Generalitateko presidente Quim Torrak iazko abenduan Sanchezi egindako eskaeretako bat izan zen nazioarteko bitartekaritza onartzearena. Hori oinarri hartuta "independetisten aurrean amore ematea" leporatu diote PPk eta Ciudadanosek exekutiboari. Kritiken aurrean Carmen Calvo presidenteordeak atera behar izan du azalpenak ematera, eta nabarmendu du kontalari bat dela Madrilek proposatzen duena, eta ez bitartekaria, eta are gutxiago nazioarteko ordezkari bat.

Calvoren iritziz, kontalari bat "baliagarria" lizateke Kataluniako alderdiekiko elkarrizketak kudeatu eta bultzatzeko, baina horrek ez du zerikusirik Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko harremanetan. "Bi aldeen artean aukeratutako norbait litzateke, baina inoiz ez nazioarteko bitartekari bat, Kataluniak bizi duen krisi politiko eta instituzionala konpontzea helburu duten elkarrizketetan lagunduko duen norbait, baizik".

Aukera bat

Generalitateko Presidentetzarako kontseilariak, Elsa Artadik, ontzat eman du balizko kontalari bat izendatzeko aukera, eta kritikatu du ERCk Espainiako aurrekontu orokorren aurkako osoko zuzenketa kentzeko baldintza gisa "errepresioa amaitzea" jarri izana, ohartaraziz halakorik eskatzea "errealitatetik urruntzea" dela.

PDeCATek Parlamentuan duen eledun Albert Bateten iritziz ere ez da aski kontalari bat izendatzeko aukera mahai gainean jartzearekin osoko zuzenketa erretiratzeko. Horrez gain, alderdiak eskatzen dio Madrili "elkarrizketa eraginkorrak" berma ditzala eta jar dezala horiek hasteko eguteko finko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.