Katalunia

Kataluniako indar subiranistek manifestazio bateratua egingo dute otsailaren 16an

Datorren asteartean da hastekoa Espainiako Auzitegi Gorenean buruzagi independentisten aurkako epaiketa. Hari aurre egiteko, beste mobilizazio bat ere ari dira prestatzen: Madrilen egin asmo dute, martxoaren 16an.

Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluak Bartzelonan egin zueneko protestak, abenduan.
Espainiako Gobernuak Ministroen Kontseiluak Bartzelonan egin zueneko protestak, abenduan. Alejandro GarcĂ­a/Efe

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 10

Kataluniako alderdi eta eragile subiranistek bihar aurkeztuko dituzte prozesu independentistaren aurkako epaiketari aurre egiteko prestatu dituzten mobilizazioak.  Otsailaren 16an —larunbatarekin— izango da, Bartzelonan, lehen manifestazio handia. Informazio horren arabera, JxC Junts per Catalunyak, ERCk, CUPek eta Omnium eta ANC elkarteek egingo dute deia.

Deialdi bateratua da, eta joan den abenduaren 21ean egindako mobilizazioa aipatu dute erreferentzia gisa hedabide horiek, haren antzeko izaera edukiko duela nabarmenduz. Orduko hartan, Pedro Sanchezen gobernuak Bartzelonan egin zuen Ministroen Kontseilua, eta, nork bere mobilizazioak antolatzeaz gain, manifestazio bateratu bat ere egin zuten, A-21eko Batzordeak deituta —ANC, CDRak, CUP, IAC eta SEPC sindikatuak, JNC, Jovent Republica, Arran eta Forja gazte erakundeak, Crida LGTBIk osatzen zuten batzorde hori, eta Omniumen babesa ere bazuen—. Orduko hartan, Bota dezagun 78ko erregimena, eskubide sozial eta politikoen eta autodeterminazioaren alde, errepresioaren aurka leloa izan zuen mobilizazio bateratuak.

Euskal Herrian ere bai

Otsailaren 12an hasiko da kartzelatuak dituzten buruzagi independentisten aurkako epaiketa, eta egun horretan ere egingo dituzte mobilizazio batzuk Katalunian. Gainera, erakunde eta mugimendu bakoitzak bere ekitaldiak ere antolatuko ditu.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere egingo dituzte elkarretaratzeak, epaiketaren hasiera egunean, otsailaren 12an. Bilbon, 20:00etan jarri dute ordua, Arriaga plazan. Gainerako deialdiak 19:00etan izango dira, Donostiako Bulebarrean eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Iruñean ez dute oraindik lekua zehaztu. ANCk azaldu du Euskal Herrian egingo diren protestak Gure Esku Dago-k sustatuko dituela.

Martxoaren 16an, Madrilera

Martxoaren 16a izango da beste mugarri garrantzitsu bat, hedabide katalanen arabera. Han ere egin nahi dute mobilizazio bateratu bat indar subiranistek, urriaren 1eko erreferendumaren aurkako epaiketa salatzeko. Katalanak ez ezik, erabakitze eskubidearen aldeko eta badaezpadako espetxeratzeen aurkako Madrilgo elkarteak ere batu nahi dituzte manifestaziora.

Europako gainerako herrialdeetara begira ere jarri da ANC, Ara-ren arabera. Europako zenbait hiritan elkarretaratzeak egin nahi dituzte, besteak beste, Londresen, Parisen, Bruselan eta Genevan.

Omniumek urtarrilean jarri zuen martxan kanpaina bat, #JoAcuso (Salatzen dut) leloarekin. "Ez gara defendatuko, estatua akusatuko dugu. Ez dugu ahazten, herria gara", esan zuten bideo batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna