ESTATU INDARKERIA

Abian da Poliziaren indarkeriaren biktimen legea aldatzeko lantaldea

Batzorde horren lehen egitekoa izango da Eusko Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztutako 28 zuzenketak aztertzea.

Jonan Fernandez, iazko urriaren 2an, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.
Jonan Fernandez, iazko urriaren 2an, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Jaizki Fontaneda / Foku

Jon O. Urain -

2019ko otsailak 6

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak gaur onartu du lantalde bat osatzea, hark azter dezan Polizia gehiegikerien biktimen legearen moldaketa. Haren egitekoa izango da talde politikoek aurkeztutako 28 zuzenketak aztertzea eta erabakitzea horietatik zeintzuk txertatuko dituzten legean.

EH Bilduk aurkeztu ditu gehienak: hamazazpi. Elkarrekin Podemosenak dira sei, eta PPrenak bost. Espero da lantaldeak azkar amaitzea bere zeregina. Koalizio subiranistak argudiatu du legeari eginiko moldaketek "atzerapauso bat" dakartela "biktimen eskubideetan", eta Elkarrekin Podemosek ere ohartarazi du egiarako eskubidea "edukiz hutsik" geratzen dela. Era berean, proposatu du ekainaren 26an, Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunez, ekitaldi "solemne" bat egitea.

PPk, ordea, ohartarazi du litekeena dela lege proposamena bat ez etortzea Espainiako Konstituzioarekin, iritzita testuak ez duela argi uzten "soilik justizia auzitegiei" dagokiela "delitu diren legez kanpoko jarduerak ikertzea, preskribatuta egon edo ez". Iñigo Iturrate (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu), Pili Zabala (Elkarrekin Podemos), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Carmelo Barrio (PP) dira taldeen bozeramaileak lantaldean.

Polizia gehiegikerien biktimen legea 2016ko uztailean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen, eta kontra bozkatu zuten PPk eta UPDk. Legearen helburua da 1976 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Legeak espresuki aipatzen ditu Espainiako Estatuko funtzionarioen urraketak.

Espainiako Gobernuak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta arauaren hainbat atal behin-behinean eten zituen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Uztail amaieran, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak iragarri zuten ados jarri zirela legean aldaketak egiteko, Madrilek helegitea kentzearen truke.

Iazko urrian, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin zuen Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza idazkariak, eta bertan azaldu zuen lege berrituak berariaz uko egingo ziola gertakariak ikertzeari, legearen "berme juridikoa indartzeko" eta, horrela, biktimei "erreparazioa" emateko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna