Brasil

Hamabi urteko beste zigor bat jarri diote Lula da Silva presidente ohiari

Espetxean dago Brasilgo presidente ohia, iazko apiriletik, hamabi urteko beste zigor bat betetzen. Ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta zigortu dute orain ere. PT Langileen Alderdiak iazko bozetarako hautagaitzat aurkeztu nahi zuen, baina auzitegiek debekatu egin zioten.

Lula eta Haddad, 2016ko udal hauteskundeen kanpainan, artxiboko irudi batean.
Lula eta Haddad, 2016ko udal hauteskundeen kanpainan, artxiboko irudi batean. EBASTIAO MOREIRA / EFE

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 6

Helegiteetarako aukera baduen arren, hamabi urteko beste zigor bat jarri diote Luiz Inacio Da Silva Lula Brasilgo presidente ohiari. Hamabi urte eta 11 hilabetekoa, zehazki. Lehendik ere badu antzeko zigor bat, ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta. Oraingoan, eraikuntza enpresa batzuek Sao Pauloko etxe batean egindako erreforma lanak epaitu dituzte, eta horiek "fabore politikotzat" jota zigortu dute Lula.

Iazko apiriletik dago kartzelan Brasilgo presidente ohia —2003 eta 2011 artean izan zen gobernuburu—. Orduan ere  zigortu egin zuten epaileek, Lava Jato izeneko makrosumarioaren barruan —oraingo zigorra ere hortik dator—.

PT Langileen Alderdiaren hautagai izateko borroka judizial luzea egin bazuen ere, auzibideen ondorioz, debekatu egin zioten iazko urriko bozetan parte hartzea. Alderdiak ez ezik, babesa adierazi izan dio MST Lurrik Gabekoen Mugimenduak Lularen ere.

Horiek horrela, Fernando Haddad izan zen PTren presidentegaia, Lularen Hezkuntza ministro izandakoa eta aurrez Sao Pauloko alkate izandakoa. Haddadek ez zuen lortu, ordea, bozak irabaztea. Jair Bolsonarok hartu zuen presidente kargua urtarrilaren 1ean. PSL Alderdi Sozial Liberaleko kidea da Bolsonaro, eta Lula zigortu zuen epailea —Sergio Moro— izendatu zuen Justizia ministro hauteskundeak irabazi ondoren.