Autogintza

Edozein motor duten autoak erosteko laguntza bat abiaraziko du Jaurlaritzak

Martxorako funts bat jarriko du martxan auto elektriko eta hibridoen erosketarekin batera, gasolina eta gasoliokoak ere erosteko. Aldatzen den autoak 10 urte izatea da baldintza laguntza eskuratzeko.

Auto elektriko bat bateriak kargatzen. MIKELESTORENA
xabier martin
2019ko otsailaren 7a
13:31
Entzun

ACICAE autogintzaren euskal klusterraren jardunaldian iragarri du Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak: auto elektrikoak eta hibridoak erosteko bakarrik ez, baina gasolina eta gasoliokoak ere erosteko laguntza berezi bat izango da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Auto zaharra berriarengatik aldatzean renove planaz baliatzeko hamar urteko antzinatasuna izan beharko du uzten den autoak.

Zenbateko funtsa izango den ez du zehaztu sailburuak, baina bai martxorako erabilgarri izango dela erosleentzat. Espainiako Gobernuak auto elektrikoen erosketa laguntzeko plana osatuko du, balizko erosleak auto elektriko edo hibrido baten alde egiten duenean. Madrilek 200 milioi euroko renove plana iragarri du 2019. eta 2020. urteetarako, bakarrik auto elektrikoen eta hibridoen erosketa sustatu nahian.

Ohar bat Madrili

Tapiak azaldu du Jaurlaritzaren planak ez duela teknologia bat sustatuko beste baten aurretik. Irizpide "neutralak" izango ditu elektrikoen, hibridoen, gasolinazkoen eta gasoliozkoen artean, alegia. Hamar urte baino gehiago dituzten autoak aldatzeko renove plana da, finean, eta auto salmenten gainbehera saihesteko saioa ematen du, teknologia alternatiboen aldeko plan bat baino gehiago. Ez da ezaguna oraindik laguntzaren kopuruak aldatuko ote diren erosten den auto motaren arabera; hau da, elektrikoak eta hibridoak erosteak laguntza handiagoa izango ote duten.

Autogintzaren sektoreari mezu "ordenatuak" emateko deia egin du sailburuak. Pedro Sanchezen gobernuarentzako mezua eman duela esan daiteke:"Elkar gurutzatzen diren mezuak oso arraroak izaten ari dira; ziurgabetasuna eragiten duten seinaleak bidaltzen dira, eta arduratsuagoak izan behar dugu". 

Espainiako Gobernuak, Europako beste hainbaten ereduari jarraiki, gasolio eta gasolina motorren amaierari data jarri zion aurreko urteko bukaeran: 2040. urtea. Arantxa Tapiak ez du batere gustuko izan Madrilek horrelako mezuak ematea, besteak beste, Euskal Herrian autogintza sektorea oso garrantzitsua delako. Mercedes eta Volkswagen erraldoien inguruan osagaien sare industrial handia osatu da, eta CIE Automative, Gestamp eta beste hainbat mundu osorako aritzen dira aspaldian.

"Motorren araudia sektorearekin batera prestatu behar da, ziurgabetasun mezuek ondorioak dituztelako", esan du Tapiak."Isurketak murriztu behar direla? Bai, jakina", jarraitu du; "eraginkorragoak izan behar dugula? Egin behar da, bai, baina modu ordenatuan, segurtasun juridikoa emanda. Jarduerarekin jarraitzeko aukera izan behar duelako sektoreak bide-orri zehatz bati lotua".

Europako merkatuaren datuak

Bestalde, Europan, 2018an zenbat auto elektriko saldu ziren ezagutu berri da. 201.284 auto saldu dituzte trakzio elektrikoarekin, hidrogeno pila ere multzo horretan sartuta. 2017. urtearekin alderatuta %48,2 igo dira auto horien salmentak, kasik erdia. Hidridoei dagokienez, %33 igo dira salmentak, 606.201 autora arte. Ibilgailu alternatibo gisa ezagutzen denak 1,2 milioi auto saldurekin bukatu zuen 2018. urtea, %28 gehiago.

Bien bitartean, 5,52 milioi auto saldu ziren diesel motorrarekin, aurreko urtean baino %18 gutxiago, eta 8,75 milioi auto saldu ziren gasolinaren merkatuaren, %12,4ko hazkundea lortuta. Trantsizioa hasi da, baina oraindik urrun dago motor elektrikoaren nagusitasuna Europako merkatuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.