Erabakitzeko eskubidea

GEDek manifestaziora deitu du otsailaren 17rako, auzipetu katalanei babesa azaltzeko

Donostian egingo dute martxa, 12:00etan, eta dinamikak dei egin du elementu horiak eramatera.

jon olano
2019ko otsailaren 7a
07:11
Entzun

Datorren asteartean hasiko da, Madrilen, Kataluniako politikari eta gizarte mugimenduetako buruzagi independentisten aurkako epaiketa. "Erabakitzeko eskubidearen aurkako epaiketa bat", Gure Esku Dago dinamikak salatu duenez. Horregatik, mobilizazioak antolatu ditu, eta ordezkaritza bat bidaliko du Madrilera datorren asteartean, "preso politikoei babesa adierazteko eta bidegabekeria honen aurkako konpromisoa adierazteko, beste behin ere".

Agerraldi bat egin du dinamikak gaur goizean, deialdien berri emateko. Batetik, Bilboko Arriaga plazan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Iruñean zehaztu gabeko leku batean eta Donostiako Bulebarrean elkarretaratzeak egingo dituzte asteartean bertan; 20:00etan Bizkaiko hiriburuan, eta 19:00etan gainerakoetan.

Beste deialdia hilaren 17rako egin dute, igandez. Manifestazio bat abiatuko da Donostiako Katalunia plazatik, 12:00etan, eta bat egingo duten herritarrei eskatu diete jantzi, xingola eta bestelako elementu horiak eramateko: "Elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak". Uste dute "ezinbestekoa" dela "Euskal Herritik erantzun zabala ematea demokraziaren aurkako epaiketa honi".

Jone Amonarriz GEDeko Komunikazio arduradunak ohartarazi du epaiketa "denon kontua" dela, "prozesu judizial honek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako eta, beraz, guztion eskubide zibil eta politikoak daudelako jokoan". Erantsi du "erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu" nahi dutela Espainiako Auzitegi Gorenean.

Bestalde, larunbatean agerraldi bat egingo du GEDek Tolosan (Gipuzkoa), "bost urteko zikloa borobildu eta etapa berri baten abiapuntu izango den ekitaldiaren" berri emateko. Martxoan izango da ekitaldi hori, Bilbon. Urteotan herri galdeketak antolatu dituzten 208 herrietako kideak elkartuko dira etzi Tolosan, "kontsulten ildoari amaiera eman eta ekitaldi berezi horren deialdia egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.