Otsoa

Jaurlaritzak "interes bereziko espezie" izendatuko du otsoa

Espezie Mehatxatuen Katalogoan, "interes bereziko espeziea" da babes kategoriarik baxuena.

Otsoa, Robledoko parte naturalean, Zamoran (Espainia). J.J. GUILLEN, EFE
2019ko otsailaren 7a
14:37
Entzun

Eusko Jaurlaritzak "instereseko espezie" izendatuko du otsoa (canis lupus). Gobernuak erabakia jakinarazi dio Naturzaintza natura zaintzeko aholkularitza batzordeari. Batzorde horretan parte hartzen dute Jaurlaritzaren Ingurumen sailak, Ekonomia Garapena eta Azpiegitura sailak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek, EHUk, natura zaintzeko hainbat elkartek, nekazaritzako hainbat erakundek, EUDELek, basogintzako hainbat elkartek eta ingurumenaren arloko zenbait adituk. Azken bileran, Euskadiko Otso Taldeko ordezkari bat ere izan zen gonbidatu gisa.

Espezie Mehatxatuen Katalogoak lau kategoriatan sailkatzen du babes maila: "galzorian dauden espezieak", mailarik gorenean; "kalteberak", hurrengo mailan; "bakanak", babes ahulagoarekin eta, azkenik, "interes berezikoak" mailarik apalenean.

Jaurlaritzaren azken erroldaren arabera, 2014 eta 2015 urte bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurraldearen %18an aurkitzen da otsoa. Talde bakarra dago identifikatuta, eta gainerakoak otso bakartiak dira.

Ingurumen sailaren iritziz, ez da egokia otsoa "galtzoriko espezie" izendatzea; kategoria hori "nekez biziraun ahal izango duten haientzat" gorde behar dela deritzo. "Interes berezia" kategorian sartzea erabaki du gobernuak, otsoek duten "balio zientifikoa, ekologikoa eta kulturala" aintzat hartuta.

Babes maila bera aitortzen die Jaurlaritzak beste 89 espezieri. Horien artean dira basakatua, katazuria, gabiraia edo martin arrantzalea. Neurriak kudeaketa plan bat egiteko beharra ezartzen die aldundiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.