AHT

Europak ez du merkantzia garraiorik aurreikusten, AHTaren aurkako taldeen esanetan

Nafarroako eta Arabako AHTaren aurkako plataformak, ELA eta LAB sindikatuak eta EHUko hainbat aditu Bruselan bildu dira Europako Garraio Batzordearekin.

Nafarroako eta Arabako AHTaren kontrako plataformek, ELA eta LAB sindikatuak eta EHUko hainbat adituk Europako Garraio Batzordearekin bildu ostean egin duten prentsaurrekoa. NAFARROAKO ETA ARABAKO AHTAREN KONTRAKO PLATAFORMAK
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 7a
07:11
Entzun

Arabako eta Nafarroako AHTren kontrako plataformek jakinarazi dutenez, bileraren helburuetako bat izan da Europako Batasunak Arabako eta Nafarroako AHT proiektuari buruz duen iritzia ezagutzea. Bestea, "gehiengo sozial eta akademikoaren gaitzespena" batzordeari helaraztea.

Plataformetako kideen esanetan, bileran jaso duten informazioak gezurtatu egin ditu AHTaren erakunde sustatzaileek gizarteratu dituzten hainbat baieztapen. Esaterako, Europako Garraioa Batzordeak azaldu die AHTa "teorian, bidaiariak garraiatzeko pentsatuta dagoela" eta euskal Y-a delakoa ez dagoela trenbide bidezko merkantzia garraioaren planifikazioan jasota.

Bestalde, proiektuaren kontrako plataformek, ELAk, LABek eta bileran izan diren EHUko adituek batzordeari adierazi diote euskal Y-ak ez dituela "gutxieneko errentagarritasun irizpideak" betetzen, "ez ekonomikoki, ez sozialki ezta ingurumenari begira ere". Nabarmendu dute aurreikusitako erabiltzaile kopurua ez dela bederatzi milioira heltzen.

Euskal Y-arentzako nazioarteko loturei dagokienez, ordezkaritzako kideek azaldu dute 2020. urterako egunean norabide bikoitzeko lau konexio besterik ez direla aurreikusten Frantziarekin, eta hamabi baino gutxiago 2030 urterako. Hori dela eta, aurreikuspenik baikorrenekin, bidaiari kopurua 2,5 milioira iritsiko litzateke soilik.

Europako Garraio Batzordeak ezin izan dizkie hainbat xehetasun argitu. Izan ere, proiektua babesteko oinarri hartu diren kostu-onuren txostenak konfidentzialak direla aitortu die. "Lotsagarria da milaka milioi diru publiko xahutzea txosten konfidentzialetan oinarriturik", salatu dute AHTaren kontrako plataformek.

Aldiz, batzordeak aurreratu du euskal Y-aren lanetarako Europako Batasunak ematen dituen diru laguntzak murriztu egingo direla, euskal Y-aren hiru proiektuetan.

Bileran, Europako Kontu Auzitegiko ordezkari bat ere izan da. Plataformetako kideek nabarmendu dutenez, auzitegiko kideak ziurtatu du errentagarriagoa dela existitzen diren tren azpiegiturak berritzea, AHTak eraikitzea baino.

Euskal Herritik Bruselara joandako elkarteetako ordezkariek berretsi egin dituzte AHTaren proiektua geldiarazteko arrazoiak, eta mobilizatzera deitu dituzte herritarrak. Hiru manifestazio antolatu dituzte: otsailaren 16an, Tafallan; martxoaren 30ean, Altsasun, eta maiatzaren 18n, Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.