Lan baldintzak

AHTren lanetan hildakoengatik galdetuta, Espainiako Gobernuak dio eraikuntzan gehiago direla

Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak Pedro Saura Garcia Espainiako Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza estatu idazkariari galdetu dio azken hamar urteetan AHTren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lanetan hil diren bederatzi langileei buruz.

Pedro Saura Garcia Espainiako Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza estatu idazkaria, Espainiako Kongresuko Sustapen batzordean, joan den urtarrilaren 28an. J.P.GANDUL, EFE
2019ko otsailaren 7a
16:13
Entzun

Saura Garciak langileen heriotzak egoera lazgarriak direla nabarmendu du bere erantzunaren hasieran. "Heriotza bakoitza drama bat da, ez zaie dramatismorik kendu behar heriotza horiei". Baina, segidan, estatu idazkariak ez du drama bat den arazo bati lotuta espero daitekeen kezkarik, heriotza kopuruaren pisua apaltzera bideratu baitu bere hitzaldia.

"Adifek egiten dituen AHTaren lanetan izan den heriotza kopurua txikiagoa da eraikuntzaren sektorean dagoen heriotza tasarekin alderatuta. Gainera, indize horiek beheranzko joera dute azken urteetan. 2007an, 1.000 langileko 82k izan zuten lan istripua bajarekin eta 34 izan ziren 2017an. %60ko murrizketa da hori.

EH Bilduk kritikatu egin ditu Saura Garciaren hitzak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako AHTren lanetan gertatu diren bederatzi heriotzei "garrantzia kendu" diela salatu du.

BERRIAk AHTaren lanetan hil diren bederatzi langileei buruzko erreportajea argitaratu zuen joan den igandean, erakunde publikoek sustatutako azpiegitura handien obretan atzeman diren lan baldintza prekarioei buruzko erreportaje sorta baten baitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.