'Brexit'-a

Junckerrek Mayri berretsi dio EBk ez duela akordioa berriz negoziatzeko asmorik

Europako Batzordeko buruarekin bildu da gaur Erresuma Batuko lehen ministroa. Komunen Ganberak akordioa berriz negoziatzeko eskatu zion Mayri, baina ezezkoa jaso du gaur ere.

May eta Juncker, gaur, Bruselan.
May eta Juncker, gaur, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ/efe.

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 7

Londres, Brusela eta Belfast artean harrapatuta dabil egunotan Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Ipar Irlandan izan da asteon, eta Bruselara joan da gaur Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrekin biltzera. Brexit-erako akordioa —azaroan onartu zuten EBko 27 estatuetako buruek— berriz negoziatzea nahi zuen Irlandako mugaren afera bideratzeko, baina ez dio halakorik onartu EBk: "EBk ez du berriz irekiko [Erresuma Batua EBtik] erretiratzeko akordioa".

Bi ordu eskaseko bileraren ondoren, agiri bateratua atera dute Mayk eta Junckerrek, eta "EBko 27ek eta Erresuma Batuak adostutako deklarazio politikoaren erredakzioa berrikusteko prestasuna" adierazi du Bruselak. Erresuma Batua EBtik irteteko baldintzak zehazten dituen akordioa, ordea, ez dute ukitu nahi.

Hori da akordio politikoa, azken batean: "deklarazio politiko" bat, brexit-aren ostean Londresek eta Bruselak izan beharreko harremanari buruzko ildo orokorrak jasotzen dituena. Azaroaren 25ean onartu zuten EBko 27 estatuek —Erresuma Batua gabe—, brexit-erako itunarekin batera, eta Juncker prest agertu da hura aldatzeko, "etorkizuneko harremanetan anbizio handiagoz" jokatzeko. Gakoa, ordea, "akordio teknikoan" dago.

Izan ere, Erresuma Batuko Komunen Ganberak Mayri eskatu zion backstop deitutako protokoloa aldatzeko —Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga gogorra eragozteko plana da, brexit-erako akordio teknikoan jasoa—. Horretarako atea itxi dio, ordea, Bruselak.

Junckerrekin ez ezik, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentearekin ere izan da May. Bileraren ostean azaldu duenez, Irlandarako proposatutako aldaketekin, eta "langileen eskubideen arloan eta beste batzuetan egindako lanarekin", gehiengo egonkor bat lortzeko itxaropena du Mayk: "Horren alde borrokatzen jarraituko dut". Tuskek txio batean egin du balorazioa: "Ez dago aurrerapenik. Elkarrizketan jarraituko dugu".

Irlandan, konfiantza gutxi

Europako Parlamentuko presidente Antonio Tajanik eta brexit-erako koordinatzaile Guy Verhosftadtek, berriz, akordiorik ezak ekar dezakeen "hondamendiaz" ohartarazi dute gaur. "Hondamendia litzateke [Mantxako] kanaleko bi aldeentzat". Gainera, brexit-aren alde sutsuen agertu diren politikari britainiarrak ere kritikatu ditu Tajanik, adosatasunik eza bultzatuz, jarrera "arduragabea" erakutsi dutela iritzita.

Bruselaren ezezkoa aurreikus bazitekeen ere, akordio horretan zerbait "aldatu" eta Irlandan muga gogorra eragozteko konpromisoa agertu zuen Mayk, herenegun, Belfasten. Ez zuen, ordea, konfiantza handirik eragin. Ipar Irlandako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdietako buruzagiekin elkartu zen, baina bakar batek ere ez zuen babestu haren plana.

Martxoaren 29an EBk eta Erresuma Batuak ez badute brexit-erako akordioa guztiz ixten, automatikoki muga gogor bat ezarriko da Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean. Komunen Ganberaren babesa behar du akordio bat ixteko, ordea, eta orain arte lortutakoak ez ditu kontserbadore britainiarrak asetu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna