Venezuela

Martxoan berriz biltzekotan geratu da Montevideoko taldea

Montevideon bildu da Venezuelarako Uruguaik eta EBk sustatutako Harremanetarako Nazioarteko Taldea. EBren ordezkariak esan du "laguntza modu inpartzialean" iritsi behar dela Venezuelara.

EBren ordezkari Federica Mogherini, gaur, Montevideon.
EBren ordezkari Federica Mogherini, gaur, Montevideon. Raúl Martínez

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 7

"Krisi humanitarioa" larritzen ari dela, eta "politizatua izan ez dadin", Venezuelarako "laguntza modu inpartzial eta independentean bideratu" behar dela adierazi du EBren goi-ordezkari Federica Mogherinik, Montevideon, Venezuelarako Harremanetarako Nazioarteko Taldearen bileraren ondoren. EBko hainbat herrialdetako eta Boliviako, Costa Ricako, Ekuadorreko, Mexikoko eta Uruguaiko ordezkariek egin dute bilkura hori, eta "bilera emankorra" izan dela adierazi du Uruguaiko Atzerri ministro Rodolfo Nin Novoak. Ez du emaitza zehatzik eman, ordea; ez dute aipamenik egin presidentetza hauteskundeen inguruan. Martxoan beste bilera bat egitea aurreikusi dute.

"Adostasun puntuak identifikatu eta zentzuzko giroa, elkarrizketaren eta akordio politikoaren aldekoa lortzeko gaude hemen, hori baita Venezuelak behar duena krisi instituzional, politiko, ekonomiko eta sozial larriari aurre egiteko", esan du Uruguaiko presidente Tabare Vazquezek konferentzia hasi aurretik. Eguerdian —Euskal Herrian, 16:00ak aldera— hasi dute EBko hainbat herrialdetako eta Boliviako, Costa Ricako, Ekuadorreko, Mexikoko eta Uruguaiko ordezkarien arteko bilkura. Vazquezek eman dio hasiera ekitaldiari, eta ateak itxita jarraitu dute gero.

Vazquezen esanetan, Venezuelak bizi duen "bidegurutze handiena gerraren eta bakearen artekoa" da gaur egun. "Horregatik, behin eta berriz egiten diegu dei aldeei, zentzuz joka dezaten, eta nazioarteko komunitateari, kontu handiz aritu dadin".

EBren goi ordezkari Federica Mogherinik ere hitz egin du bilerara sartu aurretik. Taldearen zeregina "irtenbide politiko eta baketsua" sustatzea dela azaldu du: "Ez da bakarrik irtenbide desiragarriena, emaitza posible bakarra baizik, sufrimendu gehiago saihestu nahi badugu". Azaldu duenez, taldearen lanaren berri eman die Nazio Batuen Erakundeari, NBEko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrei —Txina, Frantzia, Errusia, Erresuma Batua eta AEBak—, Vaticanoari eta Hego Amerikako hainbat herrialderi.

Europatik, EBko ordezkariez gain, Frantziako, Alemaniako, Italiako, Holandako, Portugalgo, Suediako eta Erresuma Batuko ordezkariak joan dira Montevideora. Taldearen egitekoaz, zehatzagoa izan da, esaterako, Espainiako Atzerri ministro Josep Borrell: "Helburua da presidentetza hauteskundeak egin daitezen sustatu eta laguntzea". Urtarrilaren amaieran, EBk zortzi eguneko epea eman zion Maduro presidenteari hauteskundeetara deitzeko. Joan den larunbatean amaitu zen epea, baina oraindik ez du halakorik egin.

Mobilizazioak, Maduroren alde

Mobilizazioak ere izan dira gaur Montevideon, konferentziaren kanpoaldean, "estatu kolpe saiakera" salatu eta Venezuelako Gobernua eta Nicolas Maduro presidentea babesteko.

Madurok berak adierazi zuen ekinaldiak "arrakasta" izatea espero duela: "Munduko gobernu gehienek elkarrizketaren eta diplomaziaren alde izan duten jarrera eskertu nahi dut". Venezuelako oposizioak ez dio oniritzirik eman, presidente karguaren "usurpazioa luzatzea" dela argudiatuta.

NDF Nazioarteko Diru Funtsak ez du oraindik posizio argirik agertu Venezuelako auziaz, baina Gerry Rice bozeramaileak gaur adierazi du "kontsulta prozesuan" ari direla: "Kide diren herrialdeak oraindik [Juan Guaido presidente gisa] aitortzeko posizioa ezartzen ari dira".

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna