Bihar Berrian

Banakoen bizitzak, sareak irentsita

Facebookek 15 urte bete ditu; munduko sare sozialik handienak izandako bilakaera, gizartean eragindako aldaketak, erabiltzaileengan sortutako kezkak eta beste hainbat kontu aztertuko ditu bihar ‘Bizigiro’ gehigarriak.

Mark Zuckerberg da Facebooken asmatzailea; AEBetako Harvard Unibertsitatean jaio zen sare soziala. RITCHIE B. TONGO
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko otsailaren 8a
11:03
Entzun

Facebookek 2.300 milioi erabiltzaile aktibo ditu hilean, 2018ko datuen arabera. Beste modu batera esanda, munduko biztanleriaren heren bat dago 15 urte bete berri dituen sare sozialean. Harremanetarako eta informazioa elkartrukatzeko modu berriak sortu dituela diote adituek, baita, halaber, kontrol sozialerako edo publizitaterako bideak ere. Gainera, azken urteotako albisteek datuen salerosketarekin eta pribatutasun urraketekin lotu dute. Hori guztia aztertuko dugu bihar Bizigiro-n, sare sozialetako aditu eta arituekin.

Bestetik, Euskarabentura egitasmoa izango du hizpide gehigarriak. Euskara eta bizipenak uztartzen dituen ibilaldia bigarrenez egingo dute aurtengo udan: Mauletik Getxorako (Bizkaia) bidea egingo dute 120 gaztek eta 30 laguntzailek. Izen ematea irekita dago jadanik.

Telesailen atalean, berriz, Vota Juan telesaila aztertuko du Mikel Yarzak. Espainiako politikagintzaren satira da Juan Cavestanyk eta Diego San Josek sortutako ikus-entzunezkoa.

Pantaila handira salto eginez, Alita, Battle Angel filma jorratuko du Gontzal Agotek. Robert Rodriguezek zuzendutako zientzia fikziozko lana da, eta James Cameronekin aritu da elkarlanean. Yukito Kishiroren Gunnm manga sailaren moldaketa egin dute biek.

Asteburuari begira ere jarriko da gehigarria; ardo gaztearen eguna ospatuko dute bihar Lapuebla de Labarcan (Araba). Inguruko hamar bodega irekiko dituzte, eta Joseba Argiñano izango da pregoilaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.