Literatura

'111 aldizkaria' argitaratzeari utziko dio 111 Akademiak

Argitalpenarekin jarraitzeko baliabide ekonomikorik ez izateak ekarri du erabakia

111 Akademiak, aldizkariaz gain, 111 akademiaren saria banatu ohi du. JON URBE / FOKU
Berria
2019ko otsailaren 8a
11:12
Entzun

111 Akademiak 111 aldizkaria argitaratzeari utziko dio. 2018ko abenduan kaleratu duen zenbakia, 10.a, azkena izango da, oraingoz. Erabaki horren atzean dagoen arrazoi nagusia ekonomikoa da, 111 Akademiak ohar baten bitartez jakinarazi duenez: "2018an izandako diru-galeraren ondorioz 111 Akademiari guztiz ezinezkoa zaio 2019an paperezko argitalpenak dakarren gastua bere gain hartzen jarraitzea. Momentu mingarrian dator, gainera, erabakia, orain hilabete eskas harpidetzak handitzeko ekinaldia egin eta eskaerak jasotzen hasiak baikinen”.  2018ko diru-kontuek agerian utzi dute oraingoz behintzat ez dagoela paperezko argitalpenarekin aurrera egiteko modurik.

111 Akademiak 2014an jarri zuen abian 111 aldizkaria-ren proiektua. "Ordutik, erakundeekiko elkarlana bilatzeko Akademiako arduradunek egindako ahalegina etengabea izan da, egitasmoa egonkortu eta bestelako diru-iturriak sendotu bitartean aurrera egitea ahalbidetuko zion elkarlana, hain zuzen ere. Irakurle arruntari literaturari buruz euskaraz informazioa emango zion argitalpena aurrera ateratzen saiatzeak ahalegin oro merezi zuelako uste sendoa genuen. Ahalegin horiek, ordea, ez dute esperotako fruiturik eman, eta 10. zenbakira iritsi ostean, egitasmoa bertan behera uztea beste irtenbiderik ez zaigu geratu”, adierazi dute aldizkariaren arduradunek.

Oraingoz, 111 Akademiaren webgunean ahaleginduko dira aldizkariak jasotzen zituen edukiak argitaratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.